“Liga hasiera honetan gorenean gaude, eta ea luzaroan eusten diogun boladari”

Anboto 2016ko urr. 15a, 10:00

Areto-futboleko liga indartsu hasi dute Elorrioko Buskantzako talde nagusiek, mutiletan zein nesketan. Bien artean, bederatzi partidu jokatu dituzte, zortzi garaipen eta berdinketa bat lortuta (4-4 nesketan, Sasikoaren kontrako derbian). Nor bere ligako liderra da.

Talde bien artean, porrotik ez oraindik. Martxa ezin hobean hasi zarete.
Maialen Bernas: Ez genuen hain ondo hasterik espero. Ez geneukan helburu zehatzik, areto-futbolagaz gozatzea gura genuen. Baina, hasiera honek itzelezko motibazioa eman digu. Aurten entrenatzaile berria daukagu, Gaizka Gallastegi, eta asko eman digu. Gure gainean dago beti, eta hobetzeko garrantzitsua den zerbait egiten du: akatsak identifikatu, eta horiek zuzentzen lagundu.
Iñaki Diez: Bai. Guri iaz kostatu egin zitzaigun martxa hartzea. Lehenengo itzulia irregularra izan zen. Bigarren itzulian, berriz, dinamika positiboa hartu eta oso ondo aritu ginen. Aurten, iaz amaitu genuen moduan hasi gara. Oso indartsu gabiltza, bai. Iaz une batzuetan falta izan zitzaigun erregulartasuna lortzen saiatuko gara aurten. Taldeari dagokionez, iazko bloke berdinari eusten diogu.

Lesionatu bat baino gehiago daukazuela irakurri dut.
I.D.: Bai, Jon Uriarte kapitainak orkatilan min hartu zuen, eta hor dago, erizaindegian, luzerako. Felix Leibar ere lesionatuta dago. Taldea indartzeko, bigarren taldetik Josu Leon jokalaria igo dugu.

Talde goleatzaileak zarete. Bederatzi partidutan 64 gol sartu dituzue bien artean. Zein da golak sartzeko errezeta?
I.D.: Ba, geuk ere ez dakigu, egia esan. Indartsu hasi gara, bai, baina hemendik bost partidutara esango dizut zelan goazen arlo horretan (barreak). Taldeak izaera erasokorra dauka, eta golak horren ondorio dira. Hain aurrera joanda, batzuetan hutsuneak uzten ditugu atzealdean, baina, tira, ikasten gabiltza. Azkenean, liga hasiera honetan, talde biak bolada onean eta gorenean gaude, eta ea luzaroan eusten diogun. Ez da erraza izango, zelan gabiltzan ikusita aurkariak ere gero eta motibatuago etorriko direlako.
M.B.: Gure taldea ez da hain erasokorra. Defentsan seguru egoten eta sortzen diren aukerak aprobetxatzen saiatzen gara.

Liga hasiera zelakoa izan den kontuan hartuta, zer helburu dituzue aurten?
I.D.: Gaitza da helburuak zehaztea. Talde batzuk sendotu egiten dira, beste batzuk apur bat ahuldu, baina, oro har, oso liga lehiakorra da. Beraz, ez da erraza noraino heldu gaitezkeen neurtzea. Gure helburua talde erregularragoa bihurtzea da. Hori lortuz gero, emaitzak horren ondorioa izango dira.
M.B.: Gure helburua ondo pasatzea eta emakumeen areto-futbola aldarrikatzea dira. Eta, jakina, iazko emaitzak eta zortzigarren postua hobetu ahal baditugu, horretan saiatzea.

Maialen, denbora gutxian lortu duzue gorakada ematea. Taldeak hirugarren urtea du aurtengoa.
M.B.: Bai, orain hiru urte sortu genuen, futbolak asetzen ez gintuen lagun batzuen artean. Eta, momentuz, oso gustura gabiltza. Hori bai, jokalari aldetik justu gaude, eta taldea osatzea kostatu zaigu. Beraz, areto-futbolean aritu gura duen edonork atea irekita du Elorrioko Buskantzan.

Iñaki, zein da zure ibilbidea areto-futbolean?
I.D.: Nire koadrilako pare bat lagunek gazte mailako taldea sortu zuten orain 10 bat urte. Elorrioko Buskantzak gazte mailako taldea zuen lehen aldia izan zen. Hainbat herritar ibili ginen talde hartan. Ondoren, desagertu egin zen berriro, jende faltagatik. Gero, Elorrioko B-n hasi nintzen, eta orain zortzi bat urtetik hona lehen taldean nabil.

Biok aspalditik ezagutzen duzue elkar, ezta?
I.D.: Bai, Maialenen entrenatzailea izan nintzen. Bederatzi urte zituztela, futbitoko entrenatzailea behar zuten, eta sei urtez egon nintzen eurekin.

Zelako jokalaria zen Maialen?
I.D.: Burugogorra (barreak). Baina, adin horretako jokalari askoren moduan. Esperientzia berria izan zen niretzat, eta eurentzat ere bai. Futbolagaz gozatzen ikasi zezatela nuen helburu. Uste dut horixe dela garrantzitsuena.

Eta zelakoa zen Iñaki entrenatzaile moduan?
M.B.: Ez zen bat ere gogorra. Nik beti esaten nion apur bat gogorragoa izan behar zuela (barreak).


Iñaki, klubean aurten berregituraketa bat eman dela irakurri dut sare sozialetan. Zertan datza?
I.D.: Elorrioko Buskantzan klubeko kideen arteko elkarlanagaz eramaten dugu dena. Aurten Elorrioko B taldeko hainbat jokalari erretiratu egin dira, adinagatik edo nor bere arrazoiengatik, eta klubak berregituraketa bat egin behar izan du. Jende falta dela-eta, aurten ez da bigarren erregional mailako talderik atera. Beraz, atea zabalik dugu taldera batu gura duten denentzat.

Zer hartueman duzue talde bien artean? Batak bestearen ibilbideari jarraitzen diozue?
I.D.: Denok eduki behar dugu denon ardura, eta horrela funtzionatzen dugu. Esaterako, lehen taldeko jokalari bat gazte mailako taldearen entrenatzailea da. Gaizka [Gallastegi] ere gugaz aritutakoa da. Azkenean, beti aurkitu daiteke lotura bat. Delegatua ez denak beste ardura bat du, eta, modu horretara, lankidetzan eta denon konpromisoagaz eusten diogu Elorrioko Buskantzari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!