“Oso pozik gaude, bihotzetik egindako lana izan delako, asko eman dugulako”

Anboto 2016ko urr. 6a, 09:16

Argazkia: Lehior Elorriaga

Durangaldeko hainbat kolaboratzailek parte hartu duten proiektua da ‘Argi’ filma. Aktore taldean, Loli Astoreka, Felix Arkarazo eta Eneko Sagardoy daude, besteak beste, eta Elorrioko bi aktore gaztek dihardute Argi protagonistaren paperean: June Gomezek eta Sabina Aizpuruk antzezten dute frankismo garaian kokaturiko pelikulako pertsonaia nagusia: pertsonaiaren umezaroa Gomezek, eta nerabezaroa Aizpuruk. Aktore biek eta Iratxe Mediavilla zuzendari elorriarrak egin dute asteburuko estreinaldirako gonbita. Zapatuan, domekan, astelehenean eta eguaztenean egongo da Elorrioko karteleran.

Zelan bizi duzue aurrestreinaldia?
Sabina Aizpuru: Grabatzen ibili ginenean, pelikula ikustean jendeari zer irudituko zitzaion pentsatzean urduritasuna sentitzen nuen, baina, gero, ahaztu ere egin dut apur bat.  Orain, ez naiz oso kontziente zapatuan estreinatuko dela filma, baina hasi naiz urduritzen.
Iratxe Mediavilla: Udan lasaiago ibili gara, eta joan zen astetik ohartu gara estreinaldia bertan dugula. Asteon, oso urduri gabiltza. Parra tabernan ipini dugu filmaren inguruko argazki erakusketa, eta jendea hasi da galdetzen.

Filmaren inguruan ibili den jende guztia elkartuko da Arriolan.
I.M.: Bai. Guztira, ia 300 lagunek parte hartu dute Argi-n, bakoitzak modu batean. Herria oso ondo portatu da gugaz, eta oso eskertuta gaude.

Zer iruditu zaizue emaitza?
I.M.: Junek eta Sabinak ez dute filma guztiz amaituta ikusi, asteburuan jakingo dute zelan geratu den. Ni pozik nago emaitza ikusita, nahiz eta beti daukazun aldatuko zenukeen zerbait. Oso pozik gaude, bihotzetik egindako lana izan delako, asko eman dugulako parte hartu dugun guztiok. Hasiera batean pentsatu genuena proiektu txikiagoa zen, baina jendea proiektura batu ahala joan da handitzen. Gidoia ere geneuzkan aukeretara moldatu genuen, normalean egiten denaren kontrara. Eszenografia arloan jarduten naiz, eta bageneukan 60, 70 eta 80ko hamarkadetako atrezzoa, beste proiektu batzuetatik. Horregatik kokatu genuen istorioa sasoi horretan.

Zelakoa da ‘Argi’?
I.M.: Diferentea da, ez du inon enkajatzen: besteak jolasten dabiltzan bitartean, bera irakurtzen dago, adibidez. Neska bat desberdina denean, eta herri txiki batean bizi denean, zelako zailtasunak bizi dituen kontatu gura nuen. Jaiotzen denerako berarentzat idatzita egon den gidoia ez du bete gura Argik.  Bestalde, barne mundu eta imajinazio handiko umea da. Argik eta Junek antz handia daukate, gainera: pertsonalitate handikoak dira biak. Juneren gimnasia erritmikoko monitorea izan nintzen, eta filmean Argiren papera jokatzeko aproposena iruditu zitzaidan.

Zer gustatu zaizue ‘Argi’ren izaeratik?
S.A.: Alde batetik, gogorra da berak herrian bizi duen egoera, baina, bestalde, ikusten da Argik lortu egiten duela egin gura duena. Polita da hori.

Zer gustatu zaizue gehien filmean parte hartzeko esperientzia honetan?
June Gomez: Grabazioa asko gustatu zitzaidan, baina, orain, jendeak kartela eta pelikula ikusteak lotsarazi egiten nau.
S.A.: Batez ere, jendea ezagutzea gustatu zait. Asko ikasi dut zinemaren inguruan izan ditudanengandik. Antzerkia gustuko izan dut beti, baina ez nuen pentsatzen film batean agertuko nintzenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!