Cine Invisible jaialdiko hamaika film izango dira ikusgai asteburuan, Elorrioko Arriolan

Anboto 2016ko ira. 29a, 11:10
‘K2 and the invisible footmen’ filmagaz emango dute zikloa amaitutzat astelehenean.

Asteon Bilbon egiten dabiltzan film sozialen Zinema Ikusezina jaialdian lehiatu diren hainbat film emango dituzte, asteburu honetan, Elorrioko Arriolan. Kooperazioari, giza eskubideei, genero-parekidetasunari, kulturartekotasunari eta elkartasunari buruzko gaiak lantzen dituzten filmak dira ziklo horren barruan eskainiko dituztenak. Aniztasunaren eta egileen sentsibilitate sozialaren erakusle diren pelikulak.

Urriaren 1ean, 2an eta 3an izango dira Arriolako emanaldiak. Zapatuan, 22:00etan hasita, lau film labur emango dituzte: kulturartekotasunari buruzko film alemaniar bat, Danimarka eta Irango sortzaileen elkarlanetik sortutako Sepideh izenburukoa, eta garapen jasangarriari buruzko bi: Chatarra uruguaitarra eta Prender la llama, Espainia eta Ingalaterrako zinegileen elkarlanaren emaitza.

Bi film izango dira ikusgai urriaren 2an, 20:00etan; Txetxu San Larrinagaren Bijayapura... bidegabekerien zaparrada, 20 minutukoa, eta Tempo espainiarra, 79 minutukoa.

Astelehenean, Cine Invisible jaialdiko beste bost film emango dituzte Arriolan. Vive dokumentala, lau minutuko iraupenekoa, eta Migrar no es delito animazioko lana emango dituzte, batetik, eta baita Emakume baserritarrak: bestelako etorkizuna ereiten, El orden caníbal del mundo, eta K2 and the invisible footmen lanak ere. Euskal Herriko ekoizpena da lehenengoa, eta hainbat herrialdetako sortzaileenak dira azken biak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!