"Ezin genuen sinetsi. Heldu eta han non ikusi genuen Ewan McGregor"

Anboto 2016ko ira. 12a, 19:00

Industria diseinu ikasketak bukatuta, eta ingelesa hobetu guran, bost hilabete egin ditu  Edinburgon (Eskozia) Ainhoa Iraolak. Bertan esperientzia berri bat bizitzeko aukera izan du: ‘Trainspotting’ filmaren bigarren partean, ‘Porno’ filmean, parte hartu du estra lez. Ferixa Nausikoetan murgilduta egon gara elorriarragaz, Parra tabernan lan egin ostean.

Pantaila handian ikusiko zaitugu laster, ezta? ‘Trainspotting’ filmaren bigarren partean...
Ez dakit! (barrez) Ea horrela den! Agertuko garen ez dakit, baina, kamera hortxe izan genuen. (Barrez)

Edinburgon bizi izan duzu esperientzia hau. Nolatan?
Ikasketak bukatuta, eta ingelesa hobetu guran, Edinburgon (Eskozia) bost hilabete egin ditut. Han nengoela, ‘facebook’ bitartez jakin genuen Trainspotting filmaren bigarren partea grabatu behar zutela diskoteka batean, eta estra bila ari zirela. Brometan hasi eta, azkenean, izena eman genuen.

Bi lagunegaz batera lortu zenuen txartela...
Hala da, bai. Goiatz Martinegaz (Berriz) eta Ane Belzagaz (Elgoibar) batera. Ez dut uste txartelik ateratzekoak zirenik, baina, 8.000 atsegite jaso zituen facebooken gertaerak. Guk lortu genuen geurea, oraindik ez dakit nola! (barrez). Jantzita nola joan behar genuen esan ziguten e-mailez. 80ko hamarkadako jantzita joan ginen.

Nolakoa izan da bizitako esperientzia?
Itzela! Film bat benetan nola grabatzen den ikustea, aktoreak hor dituzula... izugarria izan da .

Ewan McGregor aktore eskoziarra ezagutzeko aukera izan duzu... Horrelakoak ez dira egunero gertatzen...
Bai. Guk ere ezin genuen sinetsi (barrez). Heldu eta han non ikusi genuen!

Gerturatzerik izan zenuten? Nolakoak dira Hollywoodeko izarrak?
Bai, apur bat bai. Oso jatorrak, naturalak... iruditu zitzaizkigun. Hurbilekoak. Zazpi ordu egon ginen diskotekan. McGregor ere mikrofonoa hartuta aritu zen han geundenok animatzen, laster amaituko genuela esanez. Zuzendaria ere oso jatorra! Aurrez aurre ere berdinak dira. Apur bat zahartuta, baina, berdinak.  

Zazpi orduan, zenbateko tartea grabatzeko?
Seguru minutu bi baino ez direla izango. Diskoteka bateko eszena bat grabatu zuten.

Lehenengoz parte hartu duzue halako casting batean?
Txarteldun guztiok sartu ginen. Ez zen castinga izan. Baina, Londrestik eta beste hainbat tokitatik etorri zen jendea. Bagenekien Glasgow inguruan ari zirela grabatzen, eta bat-batean, facebooken Edinburgora zetozela ikusi genuenean, sekulakoa izan zen. 400 pertsonak parte hartu genuen azkenean.

‘Juego de Tronos’ telesaila dugu orain gurean. Bestelako castingetara joateko grina sortu zaizu zuri?
Edinburgon bizita, eta Trainspotting ikusita bai sortu zitzadan 2. zatian parte hartzeko halako gogoa. Baina, nik ez dut Juego de Tronos jarraitzen, eta ez zait grina hori sortu. Igual jarraituko banu...

Bidaiazalea zara, ezta?
Bai, bai. Ez naiz Ameriketara joan, baina, nahiko ibili naiz Europatik. Erasmus programaren bitartez Finlandian egon nintzen, eta etxerako buelta bidaiatuz egin nuen beste lagun bategaz: Estonia, Letonia, Polonia, Txekia, Italia... bisitatu ditut.  Desiratzen nago berriro ere joateko. Orain argazkigintzari buruzko master bat egin behar dut Bartzelonan. Datorren astean noa.

Couchsurfing-a erabiltzen duzu, ezta?
Bai. Edinburgon egin ere genuen. Gure etxera errumaniar bat, frantziar bat eta neska daniar bat ekarri genituen. Hiru egun egon ziren etxean. Nik Italian, Estonian  eta Polonian egin dut couchsurfing-a. Etxean sofa edo gela bat uzten dizute gaua pasatzeko, doan. Oso esperientzia ona izan dut beti. Oso gomendagarria da, dudarik gabe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!