Kabaret ikuskizun bategaz hasiko dute antzerki ikasturtea Arriolan

Anboto 2016ko ira. 8a, 10:15

Udako geldialdiaren ostean, kabaret ikuskizun bategaz zabalduko dituzte Elorrioko Arriola antzokiko ateak. Los Quintana taldeak irailaren 10ean 21:00etan eskainiko duen Voc, un auténtico vodevil ikuskizunagaz, hain zuzen ere.

Antzerkia, musika, transformismoa eta umorea uztartzen ditu Los Quintana taldeak hamasei urtetik gorako ikusleei zuzenduriko ikuskizun horretan. 2014. urtean Madrilen aurkeztu zuten Voc, un auténtico vodevil ikuskizunak David Quintana du zuzendari, eta zazpi aktorek dihardute 90 minutuz oholtzan kantuan eta dantzan.

David eta Fernando Quintana anaia argentinarrek 1993an sortu zuten Los Quintana taldea. Beraien herrialdean jardun ziren hamar urtez, Txilen ibili ziren gero lanean, eta 2011n iritsi ziren Madrilera.

Quintana anaien kabaretagaz hasiko den Elorrioko antzerki denboraldi berrian, abendura bitartean, Elorrioko antzokian izango den programazioa ikusgai dago antzokiaren webgunean. Hain zuzen ere, hasiko den bezala amaituko da ikasturteko lehenengo lauhileko programazioa, kabaret ikuskizun bategaz: Nano Cabaret obra eskainiko du Yllana taldeak, abenduaren 23an, 22:00etan.

Ikuslego helduari zuzenduriko beste sei antzerki emanaldi hartuko ditu ikasturteko lehenengo lauhilekoan Arriolak: Euskal Herriko Khea Ziater, Atx, Paraiso edo Ados taldeen antzezlanak, adibidez. Gainera, Il Maquinario Teatro galiziarren Perplejo, Álvaro Tatok sorturiko Comedia Multimedia, edo Andaluziako Histrión Teatro taldearen Arizona lanak ere izango dira ikusgai.

Bestalde, umeentzako bost antzezlan ere eskainiko dituzte irailetik abendura arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!