Elorrioko Ferixa Nausikoak 2016

Elorrioko kaleetan zehar kantatuko dute 'Egundo i' taldekoek, jaietan

Anboto 2016ko ira. 3a, 10:00

2003. urtean hasi ziren 'Egundo i' taldeko kideak elkarregaz kantatzen.

Elorrioko Ferixa Nausiko jaien barruan eskainiko du ‘Egundo i’ taldeak emanaldia, gaur. 19:15ean Urarka kalean hasita, herrian zehar ibiliko dira kantuan. “Euskal kantutegiko abestiak —denok ezagutzen ditugunak—, Creedence taldearen bertsio bat eta geuk euskaratutako Irlandako kanta tradizional bat ere eskaintzen ditugu emanaldian”, azaldu du Mariaje Alfaro taldekideak.

2003. urtetik Ramon Castillo taldekidearen etxean elkartzen dira eguaztenero, lagunartean kantatu eta jan-edana partekatzeko. Hain zuzen ere, Castillok Bernardo Atxagaren Ez dut egundo ikusi testua oinarri hartuta egin zuen kantatik dator taldearen ‘Egundo i’ izena.

40 eta 60 urte arteko durangarrak dira taldekide gehienak, baina elorriar bat ere badago taldean. Gainera, Euskal Herrira etortzen denetan edo atzerrira bidaian doazenetan beraiekin elkartzen den Menorcako kide bat ere badu ‘Egundo i’-k. Izan ere, musikarekiko eta bidaiatzeko zaletasuna uztartzen dituzte talde horretan, eta urtero joaten dira atzerrira, bidaian zehar ere han-hemen emanaldiak eskaintzeko. Taldea sortu zutenetik, Londresera, Dublinera, Munichera edo Boisera joan izan dira elkarrekin. “Erdi brometan hasi ginen bidaia horiei udako bira deitzen, eta urteroko ohitura bihurtu dugu”.

Gaur Elorrion zein beste noizbait kalean beraien emanaldi bategaz topo egiten duten kantuzale guztiak animatu dituzte eurekin kantatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!