“Mezuari garrantzi handiagoa eman diogu kanta berri hauetan”

Anboto 2016ko ira. 2a, 11:40

Asteburu honetan Burgos, Guadalajara eta Murtziako musika jaialdietan joko du Shinova Durangaldeko boskoteak. Hitzordu horietarako bidaia abiatu orduko erantzun die ANBOTOren galderei Erlantz Prieto gitarristak.

Zelan joan da uda? Besteak beste, Burgosko Somorama jaialdian jo duzue, eta plaza lepo bete da...
Sonoraman jotzea gauza oso berezia izan da, izugarria. Bizitza osoan gogoratuko dugun momentua, dudarik gabe. Estatuan jotzeko dagoen lekurik berezienetariko bat da Burgosko Trigo plaza hori.

Asteburu honetan ere bidaiari ekingo diozue. Zer suposatzen du Ebrovision edo Gigante jaialdietan jotzeak?
Ohore bat da guretzat jaialdi horietan aritzea. Bi jaialdien kartelak kalitate handiko taldez beteta daude, eta asko pozten gaitu gu kontuan hartzeak.

Irailaren 16an aurkeztuko duzue disko berria. Zelakoa izango da disko berriaren aurkezpen bira?
Datak ixten ari gara oraindik, baina Estatu osoan zehar jotzen arituko gara.

Durangaldean ere entzun ahalko ditugu datozen asteetan Shinovaren disko berriko kantak?
Oraindik ez dakigu noiz izango dugun etxetik hurbil jotzeko aukera, baina gogo handia dugu, izan ere, oso berezia baita gure jendearen aurrean jotzea. Oraingoz aurreratu dezakeguna da Bilboko Fnac dendaren 10. urteurrenean, irailaren 16an, kalean egingo dituzten kontzertuetan arituko garela.

‘Volver’ izenburua ipini diozue disko berriari. Nora “bueltatzen” zarete disko berriagaz? Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?
Hainbat arrazoigatik jarri diogu izen hori disko berriari, baina, batez ere, diskoaren letretan zabaltzen dugun mezua laburbiltzen duen kontzeptua delako aukeratu dugu. Honakoa da diskoko hainbat letratan ahotan darabilgun ideia: sarritan, atzera begiratu eta bizitako zenbait momentutara itzultzea nahiko genuke denok, une haietan egindako akatsak konpontzeko asmoagaz, baina, kontuan izan behar dugu gertaera horiek guztiek ekarri gaituztela gaur egun gauden lekura. ‘Volver’ diskoko letrak emozioz beteriko une horiei buruzkoak dira.

Shinova taldearen orain arteko ibilbideagaz alderatuz, zer berritasun dakar ‘Volver’ diskoak?
Disko berria da talde gisa bizitzen ari garen unearen adierazgarririk onena. Single baten ohiko egiturara egokitu beharrean, letren bitartez zabalduko dugun mezuari garrantzi handiagoa eman diogu kanta berri hauek konposatzean. Bestalde, soinuan ere eboluzio bat bizi izan dugu, José Caballeroren laguntzagaz. Beragaz grabatu genuen Ana y el artista temerario Neo Music Box estudioan, eta oso pozik gelditu ginen, baina disko berri honetan hura hobetzea lortu du.

Orain arteko zuen sorkuntzen zein ezaugarriri eutsi diozue disko berrian? ‘Ana y el artista temerario’ aurreko diskoan hartu zenuten doinu lasaiagoetarako bidean jarraitzen duzue?
Aurreko diskoan hartutako bide lasaiago horretan jarraitzen dugu, baina disko hartan egindako proposamena pauso bat haratago eramanez. Shinova taldea hasi zenetik ez dugu diskoen estiloa behin ere errepikatu. Izan ere, gauza berriak probatzea gustatzen zaigu.

Disko berriko bi kanta aurreratu dituzue sare sozialetan. Zelako sentsazioak dituzue jendeak egin dizuen harreragaz?
Oso harrera beroa egin die jendeak bi aurrerapen kantei. Sekula ez dugu izan bi kantu hauekin izan dugunaren pareko harrerarik, eta asko eskertzen dugu.

Miresten duzuen Second taldeko musikariek ‘Doce meses’ kanta goraipatu dute. Zelan hartu duzue aipamen hori?
Ustekabe oso atsegina izan da, izan ere, oso gustuko dugun taldea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!