Elorrioko Transportes Nanuk enpresa zarratu egingo dute

Anboto 2016ko ira. 1a, 13:00

Elorrioko Transportes Nanuk enpresak ateak zarratuko ditu berehala, egun gutxiren buruan. Izan ere, bost bat urteko gatazkaren ostean, administrazio konkurtsalean egon da enpresa, eta orain, desagertzeko espedientea onartu berri dute –CCOOren aldeko botoekin (3) eta LAB eta ELAren aurkakoekin–. Itxieraren ondorioz, ia 100 behargin geratuko dira lanik barik, eta Fogasatik kalte-ordainak jasoko dituzte.

Nanuken lanaren %90 Eroskirentzat izan dela esan dute LABek eta ELAk, eta horregatik, saltokiari beharginak subrogatzea eskatu diote. Gainera, LABeko ordezkarien ustez, "lana badago, eta lanpostuak ez dira desagertzen". Uztailaren 29an eskaera hori kaleratu zuten elkarretaratze bategaz.

LABen iritziz, enpresako bazkideena da errua. "Ez dute aurpegirik eman. Euren sosak gorde dituzte, eta beste beharginetaz ez dira arduratu".

Sindikatuen jarreraz
Nanukeko gerentea ez da sindikatuen iritzi berekoa. Bere arabera, salmentak behera etorri dira azken urteetan. "2016ko aurreikuspena %30 baxuagoa zen". Horrez gainera, azken urteetan "sindikatuak arazoaren parte" izan direla kritikatu du.

Baina, LABekoei "arraroa" egiten zaie enpresak lana eduki eta zarratu behar izatea.

Enpresa itxita, gatazka luze bat amaituko da. 2013an, 63 eguneko greba egin zuen lan talde erdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!