Nanukeko 94 langileak subrogatzea eskatu diote ELAk eta LABek Eroskiri

Anboto 2016ko uzt. 29a, 13:14

ELA eta LAB sindikatuek gaur goizean Elorrioko Eroskiren egokitzaren aurrean azaldu dutenez, "Transporte Nanuk enpresak enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu du kontratu guztiak deusezteko". Maiatzetik hartzekodunen konkurtsoan daude. Enpresa honek gehien bat Eroskiren dendak hornitzen jarduten du. Sindikatuek diotenez Eroskik ere "erantzukizuna" du gai honetan. Negoziazioei ekin diete administrari konkurtsalak, Eroskik, eta sindikatuek. ELAk eta LABek lan-baldintzak eta subrogazioa bermatzea eskatzen diote Eroskiri.

 

Nanuk garraio enpresak 63 eguneko greba izan zuen orain dela hiru urte. Ordutik hiru langile kaleratu dituztela gogoratu du Idoia Intxaurbe ELAko kideak. Marieli Urriolabeitia LAB sindikatuko ordezkariak dioenez,  "Nanuken arazoaren muina Eroskin dago. Eroskik bere dendak hornitu beharko ditu Nanukek egin ohi izan dituen ibilbideak eginez. Hori dela eta, Eroskiren beharrizanak ez dira desagertuko, ibilbideak ez dira desagertuko eta lana ez da desagertuko".

Abuztuaren 16an administrari konkurtsalak, Eroskik eta sindikatuek osatutako negoziazio mahaiak batzarra egingo du. ELAk eta LABek lan-baldintzak eta subrogazioa bermatzea eskatzen diote Eroskiri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!