"Art-Shirt kolekzioak askatu egin nau, erditze baten modukoa izan da"

Anboto 2016ko uzt. 20a, 09:15

Abuztuan sortu zen Art-Shirt kolekzioa. Bestelako bizitasuna eta poztasuna eman dizkio horrek Agurtzane Ugaldeari, eta “satisfazio itzela” sentitzen du berak sortutako kamisetak kalean ikustean. Serigrafiako tresneriaz sortzen ditu irudiak.

Bide luze baten ondorio da Art-Shirt kolekzioa, ezta?
Serigrafia prozesuetan interesgarriak diren irudiak sortu daitezke, askotan. Halaxe ikusi dut nik urteetan, eta beti pentsatu izan dut horretatik zerbait atera behar nuela. Abuztuan sortu zen hau guztia. Ilobaren urtebetetzerako egin nuen lehenengo kamiseta: ‘Belle fleur’.

Hori du sorburu Art-Shirt-ek?
Bai. Horren estiloko kamisetak egiten hasi nintzen, eta jendeari asko gustatu zaizkio. Gainera, bakoitza bakarra da, ez dago erreproduziorik, eta hori ere gogoko dute. Iloba abeslari duen Han musika taldearentzat ere egin nituen kamisetak. Bataren edo bestearen urtebetetzerako ere hasi nintzen egiten, eta sustatu zitekeen gauza bat zela ikusi nuen.

Ondarroako Zapatu Azule eguneko 19. Euskal Herriko Kamiseta Azoka irabazi duzu.
Bai. Harrera oso ona izan zuten. Serigrafiako teknikak erabiltzen ditut, baina, kamiseta bakarra da. Hori asko gustatu zitzaion jendeari.

Nola egiten dituzu irudiak?
Serigrafiarako tresneria erabiltzen dut. Bastidorean egindako kolore nahasketa da, non sopresa-faktorea oso garrantzitsua den. Sortutako espazioek irudi oso interesgarriak sortzen dituzte. Ustekabe oso atsegina da tintak pasatzeko une hori... asko disfrutatzen dut horregaz.

Arrakasta izaten ari dira?
Zorionez, bai, arrakasta handia. Oso pozik nago. Herrietako azoketan ibiltzen naiz, batez ere: polita da, jendeagaz zaude eta. Elorrion, Markinan, Eibarren... ibili naiz. Bilboko Open Your Ganbara merkatura joan gura dut orain. Hala ere, salmentarako bide berriak ere aztertu gura ditut.

Zer dute berezia kamisetok?
Niretzat gauza asko. Hala ere, janzteko errazak direla uste dut. Badaude kolore indartsuak gogoko dituztenentzat, edo sotilagoak. Kamiseta hauekin ondo jantzita joan zaitezke, edo informal, txapel bategaz.

Diozunez, barruko desioek forma hartu dute kolekzioan.
Barruan, erakusteko zerbait dudan sentimendua izan dut beti, eta inoiz ez dut hori azaleratu. Agian hau izango da barruan nuen hori. Oso gustura nago lan honegaz. Satizfakzio itzela sentitzen dut kalean nire kamisetak ikusita. Urteetan zehar hainbat marrazki egin ditut, eta ordenagailuan ditut.Baina, ez dut inoiz kolekzio bat atera. Denbora piloa kartzelan sartuta pentsatzen eta sentitzen dagoen pertsonak halako batean bertso polit bat bota duenean lez sentitzen naiz.

Serigrafia tailerra duzu. Denetariko bezeroak izango dituzu.
Bai. Enpresak, kolektiboak, jaietarako lanak, musika taldeak... batez ere, ehun-gaiak egiten ditut, baina, publizitate-apeuak ere egin ditut. Baina, hori guztia oso industriala da, pixka bat nazkatuta ere egon naiz. Oraingo hau gauza artistikoa da, ez du zerikusirik. Beste bizitasun bat, poztasun bat hartu dut. Serigrafiatik Art-Shirtera pasatzeak askatu egin nau. Erditze baten modukoa izan da.

Bide berri bati ekiteko lehenengo pausoa da Art-Shirt?
Baietz uste dut. Hasi nintzenetik eboluzio bat egon dela uste dut, eta jarraituko duela.

Eta etorkizunari begira, zer?
Ez dut horretan pentsatzen. Oraina disfrutatzen dut. Aurten azoketan ibiliko naiz, eta furgoneta margotzeko performance-a egin gura dut, Art-Shirt estiloa emateko. Kamisetak ahalik eta gehien zabaldu gura ditut, eta ikusiko da gero zer gertatzen den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!