Munduko paraziklista onenek Elorrioko probetan parte hartuko dute zapatuan

Anboto 2016ko uzt. 15a, 13:00
Handbike-a da Elorrion ikusgai egongo den modalitateetako bat.

Asteburu honetan paraziklismoko munduko kopako lasterketak izango dira Euskal Herriko hainbat herritan, eta Elorrio da horietako bat. Handbike eta triziklo modalitatetako paraziklismo proba denak Elorriok hartuko ditu zapatuan. Modalitate horietako munduko onenak etorriko dira: 24 herrialdetako 130 parte-hartzaile. Gainera, Kopako azkenengo proba denez, txapeldunek Elorrioko podiumean jasoko dute garaikurra.

Herri ingurutik zirkuitu bat diseinatu dute, eta hainbat itzuli emango dizkiote parte-hartzaileek. Lasterketaren irteera eta helmuga Elizburu kalean kokatuko dira, eta ibilbidea Betsaide kaletik, Arrasate Etorbideko bidegurutzetik, N-636 errepideko lotunetik, San Agustingo biribilgunetik eta San Fausto zein San Pio kaleetatik igaroko da. Ondorioz, trafikoa moztuta izango da 10:15etik 13:15era eta 14:30etik 19:30era bitartean. Lasterketek eraginda, Ibaikua, Elizburu —Ferixa gunea— eta plaza inguruko Nizeto Urkizuko aparkalekuak itxita egongo dira, udal arduradunek jakinarazi dutenez; baita Argiñeta Etorbidea, Nizeto Urkizu kalea eta Berrio Otxoa kaleetako zati batzuk ere. Ibaikua kalea ere moztuko dute, baina Eroskira eta udako igerilekuetara ematen duten errepideak zabalik mantenduko dituzte.

Ordezko bideak
Aldaketa horien eraginez, Elgeta eta Berriz arteko ordezko bidea Anduetxeta, Nizeto Urkizu, Padura eta Argiñeta Etorbidetik bideratuko dute.

Autobus zerbitzuan ere aldaketak izango dira lasterketak direla-eta. Egun horretan geltoki bakarra egongo da: Betsaide kalekoa, Nissan tailerraren parean. Taxien geltokia ere San Pio X kalera igaroko da, sasoi batean taxi geltokia zegoen gunera, hain zuzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!