Mali eta Valentziako jazz musikek girotuko dituzte bihar eta etzi Elorrioko gauak

Anboto 2016ko uzt. 14a, 11:10

1998an Elorrioko eliza eta jauregietako lorategietan musika klasiko kontzertuak eskainiz bidea hasi zuen Musikaire jaialdia, askotariko musiken erakusle ezezik, askotariko kultur adierazpideen aire zabaleko eszenatoki ere bilakatu da azken urteotan. Kalitatezko programazio zabal eta anitza da Musikaire jaialdiaren ezaugarri nagusia, eta horren erakusle da XIX. edizio honen barruko hirugarren asteburu honetako egitaraua.

Zuzeneko musika ezezik, zirkua eta antzerkia ere eskainiko ditu Musikairek asteburu honetan: domekan, plazan eskainiko dituzte Sin Remite eta Involución ikuskizunak. Palentziako Jean Philippe Kikolals konpainiaren lana da lehenengoa, eta Masawa bikote italiarrarena bigarrena.

Munduko hainbat txokotako tradizioen eraginpean sortutako musikek presentzia handia dute Elorrioko aire zabaleko kultur egitarauan, eta horren erakusle da Abou Diarra malitarraren biharko kontzertua. Lariz jauregian arituko da Maliko erritmo tradizionalak bluesagaz, jazzagaz edo rockagaz uztartuz, eta, besteak beste, bidaiei eta erbesteari buruzko letrak kantatuz. N’goni izeneko instrumentua jotzen du Diarrak, eta Elorrioko emanaldian beste lau musikari izango ditu laguntzen: teklista, gitarrista, baxu-jotzailea eta perkusionista.

Jazz musikak girotuko du Elorrioko zapatuko gaua ere. Nes hirukote valentziarrak joko du, 22:30ean, Lariz jauregian. Nesrine Belmokhen ahotsa eta txeloa Matthieu Saglioren txeloagaz eta David Gadearen perkusioagaz elkartuta sortu zuten Nes, eta erritmo arabiarrak dituen musika jotzen dute, esaterako. Bihar, gainera, Marcel Bagés gitarrista eta Maria Arnal abeslaria ere izango dituzte lagun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!