Uztaileko bost asteburutan 15 emanaldi ekarriko ditu Musikaire jaialdiak

Anboto 2016ko eka. 21a, 13:51
Aitor Iriarte jaialdiaren arduraduna, Idoia Buruaga alkatea, eta Cristina Sierra turismo arloko arduraduna.

Ekainaren 24tik uztailaren 31ra arte, aire zabaleko hamabost kultur emanaldi izango dira, Elorrion, Musikaire jaialdiaren barruan. Tola jauregian aurkeztu dute programazioa, gaur. Jauregi horretan, Casajara eta Lariz jauregietan eta herriko plazan izango dira jaialdiko hamabost kultur emanaldiak.

Egutegiak hala egokituta, bost asteburuz luzatuko da Musikaire jaialdiaren XIX. edizioko programazioa. 100.000 euroko aurrekontuagaz (erdia Elorrioko Udalak finantziatuta), Euskal Herriko eta nazioarteko musika taldeak, eta antzerki zein zirko ikuskizunak ekarriko dituzte. Emanaldiak herriko txoko berezietan izaten direnez, gainera, Elorrioko ondasun arkitektonikoaren aberastasuna agerian ipiniko dute.

Musikairek kulturzaleei egiten dien eskaintzaren aniztasuna nabarmendu dute, gaurko aurkezpenean. Jaialdiko lehenengo emanaldia da, adibidez, joera horren erakusle argia: euskal musika tradizionala eta flamenkoa uztartuko ditu Jesús Herrera dantzariak, Dantzari ikuskizunean. Uztailaren 1ean, 22:30ean, plazan izango da emanaldi hori.

Uztailaren 8an joko duen Quantic & His Orchestra musikariaren ibilbideak eta haren musikak ere erakusten du fusiorako joera hori. Will Holland talde horren sortzailea Inglaterran jaio zen, Kolonbian bizi izan da, eta Nwe Yorken sortu du funka, soula eta jazza uztartzen dituen proiektua.

Burgosen sortutako La Maravillosa Orquestra Del Alcohol-en folk-rocka, Ghanan jaio eta Los Angelesen bizi den Rocky Dawuniren reggae doinuak, Abou Diarra malitarraren afrikar musika, Mariana Yegros argentinarraren cumbia elekronikoa, eta Quimi Portet kataluniarraren pop rocka ere badakartza, besteak beste, Musikairek. Gainera, Audience gernikarren eta Izaki Gardenak gasteiztarren pop rockari eta The Romanticos taldekoen bluesari ere egin diote jaialdian lekua. 

 

Hemen programazio osoa

· Ekainaren 24an, 22:30ean: Noctis Labyrinthus, Casajara jauregian.

· Uztailaren 1ean, 22:30ean: Jesus Herreraren 'Dantzari', plazan.

· Uztailaren 2an, 22:30ean: La M.O.D.A., plazan.

· Uztailaren 8an, 22:30ean: Quantic & His Orchestra, plazan.

· Uztailaren 9an, 22:30ean: Rocky Dawuni, plazan.

· Uztailaren 10ean, 19:00etan: Dantza garaikidea (Legacy Danca Company, Larrua, eta Matxalen Bilbao), plazan.

· Uztailaren 15ean, 22:30ean: Abou Diarra, Lariz jauregian.

· Uztailaren 16an, 22:30ean: Nes + Maria Arnal eta Marcel Bagés, Lariz jauregian.

· Uztailaren 17an, 19:00etan: Zirko antzerkia (Cia Jean Phillipe Kikolas eta Dúo Masawa), plazan.

· Uztailaren 22an, 22:30ean: La Yegros, plazan.

· Uztailaren 23an, 22:30ean: Audience, plazan.

· Uztailaren 24an, 19:00etan: Mikro antzerkia, Casajara jauregian.

· Uztailaren 29an, 22:30ean: Quimi Portet, Tola jauregian.

· Uztailaren 30ean, 22:30ean: Izaki Gardenak, Tola jauregian.

· Uztailaren 31n, 19:00etan: Greg Izor & The Romanticos, Tola jauregian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!