Bihar, 10:00etatik 13:00etara, beteranoen txapelketa jokatuko dute Elorrioko errugbi zelaian. Aurten, Elorriok hartu du torneoa antolatzeko ardura, 35. urteurrena dela-eta. Bost talde batuko dira: Elorrioko Azkonarrak, Durangoko Sapuzaharrak, Mungiako Torpedo Gorria, Plentziako Kakarraldo eta Gernikako Basurde Zaharrak.
Ondoren, denak elkarrekin herrian zehar poteatzen ibiliko dira Gernikako elektrotxaranga batek lagunduta. Alkartu soziedadean jarraituko du jaiak; 100 bat lagunek bazkalduko dute bertan. Arratsaldean, herritik zehar ibiliko dira berriro musikak alaituta.
35 urtek askorako ematen dute. Urteetan Elorrio Rugby Taldetik igaro diren jokalari denek osatzen dute taldeko historia. Ibilbide horren garrantzia azpimarratzeko, asteburuan klubeko sasoi desberdinak islatzen dituen argazki erakusketa antolatuko dute Herriko plazan. 100 argazkitik gora egongo dira ikusgai. Era berean, Herriko taberna batzuetan argazki horiek telebista pantailetan erakutsiko dituzte.