Nanukeko beharginek konponbidea eskatu diote Eroskiri

Anboto 2016ko mai. 20a, 14:54

ELA eta LAB sindikatuek deituta kontzentrazioa egin dute gaur, Eroskik Elorrion duen zentralaren parean.

Sindikatuek ohartarazi dute Elorrioko Transportes Nanuk enpresa "likidazio prozesuan hasteko zorian" dagoela. Batez ere Eroskiren garraioak kubritzen ditu Nanukek, eta horregatik, "arazoaren erdigunean" Eroski bera dagoela uste dute beharginek. Horrela, gaiari konponbidea emateko eskatu diote supermerkatuen kooperatibari.

ELA eta LABek diote Nanukeko zuzendaritzak proposamena egin ziela duela aste batzuk. "Langileok soldata murrizketa bat eta lan baldintzen gutxitze bat onartu behar genuen". Ez zuten akordiorik onartu. Gero, Eroskik aholkularitza zerbitzu bat kontratatu zuela esan dute, enpresa batzordeagaz (CCOOk 3, ELAk 1 eta LABek 1) negoziatzeko. Baina, egoera bideratu arte itxaron beharrean, beste garraio enpresa bat hartu ei dute Nanuk ordezkatzeko. Sindikatuen arabera, aurrera begira, kanpoko enpresa batek ardura hartu eta Nanukeko beharginak bertan sartzea proposatu du aholkularitzak. Baina, ez daude ados: "Aukera honek, ez ditu etorkizunean lanpostu denak bermatzen, eta lan baldintzen prekarizazio bat ekarriko du". Langileei zor zaien diruaren zati bat ere galdu egingo litzatekeela uste dute.

63 egun greban
Transportes Nanuk garraio enpresan lan gatazka gogorra bizi izan zuten duela pare bat urte, 63 eguneko greba luze eta guzti. Akordioa lortu zuten azkenean, eta bazirudien arazoak konponduta zeudela. Baina, orain berriro piztu da gatazka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!