Lan gatazka piztu da berriro Elorrioko Nanuk enpresan

Anboto 2016ko ots. 16a, 11:28
Nanukeko beharginek 2013an eginiko protesta bat

Enpresa hartzekodunen aurre-konkurtsoan dagoela azaldu du CCOO, ELA eta LAB sindikatuek osatutako enpresa komiteak, eta enpresagaz edukitako negoziazioan ez direla akordiora heldu. "Enpresaren aldetik ez da akordiorako benetako borondaterik egon, konponbiderako aukera bakarra langileen sakrifizioan eta murrizketetan kokatu baitute". Zuzendaritzak soldatak %15 eta %20 artean bajatu gura dituela salatu dute.

Transportes Nanuk garraio enpresan lan gatazka gogorra bizi izan zuten duela pare bat urte, greba luze eta guzti. Akordioa lortu zuten azkenean, eta bazirudien arazoak konponduta zeudela. Baina, orain berriro piztu da gatazka.

Beharginen ordezkariek esan dute akordiorako hainbat proposamen egin dituztela, "kontuan edukita enpresa ez dela bere momentu ekonomiko onena bizitzen ari". Bost eskari nagusi izan dira: enpresaren antolaketan komiteak partaidetza eta kontrola edukitzea; langileei bezala bazkideei ere herrialdeko hitzarmenaren arabera soldata bajatzea; enplegua ez suntsitzeko bermea; gerentziak erantzukizunak onartzea; eta bazkideek pentsio fondora egiten dituzten ekarpenak berehala bertan behera uztea.

Baina, enpresa komitearen arabera, "enpresaren erantzuna kaleratzeak adosteko aukera izan da". Beharginen ustez, gerentziakoak dira "egoeraren benetako errudunak". Une honetan, "Soldata jaitsiera edo beste edozein murrizketa noiz inposatuko zain" daudela adierazi dute komitekoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!