Arriolan joko dute, zapatuan, musika eskolako kideek

Anboto 2016ko mai. 19a, 15:47

Garamenditar Agustin Musika Eskolako ikasleen udaberriko kontzertua hartuko du Elorrioko Arriolak, zapatuan. Musika eskolako ikasleen familiarteko eta lagunak ezezik, bertaratzea gura duten elorriar guztiak gonbidatu dituzte emanaldira. Doako sarrera edukiko du kontzertuak, eta 18:30ean hasiko da.

Sei urteko ikasleetatik hasi eta helduetaraino, Musika Eskolako ehun ikaslek baino gehiagok joko dute maiatzaren 21eko emanaldian. Kantuko ikasleak, haize-instrumentuen taldea, eskusoinu-jotzaileak, trikitilariak, gitarristak eta biolinistak entzuteko aukera izango dute, besteak beste, emanaldira bertaratzen direnek.

Musika eskolan urte guztian zehar egiten duten lanaren erakusle izango da Arriolako kontzertua. Errepertorio oso anitza eskainiko dute: Mozarten konposizioak zein gaur egun sortutako kantak joko dituzte.

2015ean Musika Eskolaren 25. urteurrena bete zelako, hasiera berezia izan zuen ikasturtearen amaiera ospatuko dute zapatuan, Elorrioko Arriolan.

Dagoeneko, baina, Elorrioko Garamenditar Agustin Musika Eskolan lanean hasita daude ikasturte berrira begira. Ekainaren 10era arte matrikulazioa zabalik daukate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!