Tradizioa eta abangoardia Kukai Dantzaren eskutik, Arriolan, bihar

Anboto 2016ko mai. 12a, 10:00

Kukai Dantzaren eta Bartzelonako La Veronal taldeko Marcos Morau koreografoaren elkarlanetik sortutako Oskara ikuskizuna izango da, bihar, 22:00etan, Elorrioko Arriolan ikusgai. Jon Maya Kukai taldeko kideak zuzenduriko lana da Oskara, eta Bartzelonako El Conde de Torrefiel taldeko Pablo Gisberten dramaturgia dauka.

Bost dantzarik dihardute oholtzan, ordubeteko iraupena daukan dantza ikuskizun honetan: Alain Mayak, Eneko Gilek, Urko Mitxelenak, Ibor Uhartek eta Martxel Rodriguezek. Bestalde, Xabier Erkiziak eta Pablo Gisbertek landutako soinua dauka obrak, eta Erramun Martikorenaren kantua ere bai.

Euskal Herriko kultura tradizionala da Oskara lanaren oinarrian dagoena: euskal folklorea eta berari loturiko ikonografia dira ikuskizun berri hau sortzeko Kukaik eta La Veronalek baliatu duten abiapuntua.

Abangoardiako dantza ikuskizun bat da emaitza, “mugimenduan dagoen instalazio bat”, sortzaileen berbetan.
Giza esperientziaren historia biltzen du, egileen berbetan, aurtengo urte hasieran Donostian estreinatu zuten ikuskizun honek. Mitoen, tradizioen eta sinboloen historian zehar bidaia proposatzen dute, tradizioa eta abangoardia modu emozional eta plastiko batean uztartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!