Legealdi honetarako 100 konpromiso hartu ditu udalak, eta udara bitartean 18 garatuko ditu. Hain zuzen ere, neurri horietako bat da autokarabana gunearena. Prentsaurrekoa eskaini dute Idoia Buruaga alkateak eta Dani Palacios zinegotziak, 18 egitasmoak martxan daudela azaldu eta balantze bat egiteko.
Bestelako proiektuen artean, diru-laguntzetan progresibitatea txertatzen hasi direla esan dute. Berrio-Otxoa kaleko sarbidea kontrolatzeko plana adjudikatu dute, eta baliteke ekainerako prest egotea. Udaletxe atzeko berdegunea zelan atondu erabakitzeko, udan herritarrentzako ate irekiak egingo dituztela iragarri dute; Buzkantz kaletik Errebonbillora arte, pasiorako bide bat zabaltzea da aukera bat. Gainera, AHTaren obren aurrean kaltetuei eskaini beharreko aholkularitza zerbitzua martxan dagoela esan dute. Futbol zelaiko belarra aldatzeko egitasmoaren txostena onartu berri dute, eta Kirol Etxeko batzar gela ere atondu dute. Turismoari begirako webgunea ekainean martxan egotea aurreikusi dute.