Irune Gurtubai: “Egoerak dira, film honetan, barregura sortzen dutenak”

Anboto 2016ko mar. 18a, 12:00

Asteburuan, Elorrion emango dute Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu eta Irune Gurtubaik (Elorrio, 1987) ekoitziriko Pikadero filma.

Atzerriko jaialdietan erakutsi eta gero, zure herriko zinemara ailegatu da Pikadero. Zer sentipen sortzen dizu horrek?
Oso pozik gaude filma Euskal Herriko zinemetan ikusgai dagoelako. Munduko zinema jaialdi askotan erakutsi dugu azken hilabeteotan filma, eta, ahal izan dugunetan, pelikularekin batera joan gara geu ere: Europako, AEBetako eta Asiako jaialdietan erakutsi dugu Pikadero.

Zelan lortzen da zure filma, esaterako, Georgiako jaialdi batean erakutsi ahal izatea?
Filmak aurkezteko epea zabaltzen dute antolatzaileek, eta programatzaileek egiten dute hautaketa. Denetik egoten da jaialdi gehienetan: gurea bezalako film txikiak zein handiak, mundu guztiko ekoizpenak.

Zelako erantzuna jaso duzue atzerriko zinema jaialdietan?
Oso ona. Jaialdi gehienetan egoten da filma ikusi osteko solasaldia, eta jendeak oso ondo hartu du gure lana. Herrialde desberdinetako publikoak pelikulako umoreagaz barre egitea oso gauza polita izan da.

Zelakoa da filmeko umorea?
Ben Sharrock zuzendaria eskoziarra izanda, batzuek esaten dute ikutu ingeleseko umorea dela. Baina, nire ustez, oso euskalduna da filmeko umore mota: pertsonaien elkarrizketetan ez dago txisterik, egoerak dira barregura sortzen dutenak.

Baina, pelikulako gaiak barregarritik gutxi dauka...
Krisiaren eraginak ez dira barregarriak, baina pertsonaiek egoera horri zelan erantzuten dioten izan daiteke komikoa. Barbara Goenagak eta Joseba Usabiagak antzezten duten bikoteak, krisiaren eraginez independizatu ezinda, elkarrekin egoteko lekua, pikaderoa, zelan bilatzen duten kontatzen du.

Euskal Herriko gazte askoren errealitatea, zinegile eskoziar batek kontatua.
Bikotekide ere bagara Ben eta biok, eta, azken urteetan, Edinburgon eta Euskal Herrian bizi izan gara. Hemen ezagutu zuen Benek pikadero berba, barregarria iruditu zitzaion, eta hortik tiraka idatzi zuen gidoia.

Zure ekarpen asko ere izango ditu, baina, gidoiak.
Bai, ekoizle gisa, gidoiaren sormen prozesuan ere parte hartu dut ideiak eta iritziak emanez. Neuk itzuli nuen gidoia, eta itzultzaile lana egin dut bilera askotan. Buruz ikasi zuen Benek euskarazko gidoia, baina ondoan izan nau filmazioan ere, laguntzeko.

Hasieratik erabaki zenuten euskaraz izango zela filma?
Bai, hemengo istorioa izanda, gauza oso naturala izan da euskaraz grabatzea. Zuzendariak ez daki euskaraz, baina gaztelaniaz ere ez, eta beraz, batera zein bestera, zailtasun berberei egin behar genien aurre.

Zinema kritikarien laudorioak jaso ditu filmak.
Oso pozik gaude. Kritika oso positiboak idatzi dituzte aldizkari espezializatu zein egunkarietan, eta jendea filma ikustera animatzen lagun dezake horrek.

Zein da, zure ustez, filmaren indargune nagusia?
Film hau desberdina dela, hemen, lehenago egin direnetatik. Uste dut hori ona dela edozein zinema industriarentzat.  

Zertan da desberdina?
Estilo aldetik da desberdina; bereziak dira istorioa kontatzeko modua, aktoreen lana eta filmeko umore mota. Krisiak Euskal Herriko bikote baten bizitzan zelan eragiten duen kontatzen du. Film oso humanoa da, harremanei buruzkoa, eta leku guztietan ulertzen da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!