Ibilbide aukera zabala, domekan, Elorrioko Mendi Bizikleta martxan

Anboto 2016ko ots. 26a, 11:20

Domeka honetan, Elorrioko XVII. Mendi Bizikleta martxa egingo dute. Herriko plazatik abiatuko dira, 10:00etan.

Gaztetxo zein heldu, mendi bizikletagaz denek gozatzeko aukera izan dezaten, luzera eta gogortasun desberdinetako lau ibilbide antolatu dituzte. Laburrenak 6,5 kilometro ditu. 8-12 urte arteko gazteei begira diseinatu dute. Trebatuta dauden 13-16 urte artekoentzat 18 kilometroko ibilbidea prestatu dute; Betsaidera joan-etorria. Adin tarte horretan izen-ematea doakoa izango da, Elorrio Txirrindulari Elkarteko antolatzaileen esanetan. Gainerako ibilbide bietarako izen-ematea 5 euro da federatuentzat, eta 15 federatuta ez daudenentzat. Martxa hasi baino ordubete lehenagotik egin daiteke, plazan.

Ibilbide ertainak 22 kilometro ditu, eta luzeak 28. Aurten, bidetik Apatara joan beharrean, pista berri batetik Memaia mendi aldera igoko dira. Gero, Betsaidetik Teillamendiko txabolara igoko dira. Handik, ibilbide luzekoak Aramaiora jaitsi, eta Zabalandira igoko dira gero. Azken jaitsiera bidezidor berrietatik egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!