40 dantza taldek parte hartuko dute Elorrioko Akadantz lehiaketan, zapatuan

Anboto 2016ko ots. 17a, 11:08
Dantza taldeen izen-emate kopuru handia izan dute Akadantzen. (Argazkia: Patxi Granados)

Lehiaketaren emanaldi bi izango dira Arriolan. 16:00etan gaztetxoen eta bikoteen saioak hasiko dira, eta 19:30ean, Master Urban eta sail esperimentalekoak.

Euskal Herriko, Errioxako, Burgosko eta Kantabriako dantzariek osaturiko taldeek parte hartuko dute, aurten, Akadantz lehiaketan. Imanol Garaizabal antolatzaileak azaldu duenez, azken urteetan Estatuko hiri handietatik etorritako taldeek irabazi dituzte sarietako asko, eta parte hartzea geografikoki gehiago mugatzea erabaki dute, aurten: “Izan ere, ekimenaren helburu nagusietako bat, bertako dantzariak bultzatzea da, eta hiri handietatik etorritakoek sari denak irabazteak ez du helburu horretan laguntzen”. Kale dantzen bertako panorama da Akadantz-en ardatza, eta horregatik egin dute aldaketa.

Dantza taldeen izen-emate kopuru handiak bultzatuta, bestalde, beste aldaketa bat ere izango du aurten, Akadantz jaialdiak: saio bi izango dira, zapatuan, Elorrioko Arriolan. Gaztetxoen eta bikoteen saioak izango dira, 16:00etan, eta Master Urban eta sail esperimentalekoak, 19:30ean. Lehenengo emanaldian 19 taldek parte hartuko dute, eta 21ek bigarrenean.

Azken urteetan bezala, aurrez agortuta daude emanaldietarako sarrera denak. Arriola dantzazalez beteko da, beste urte batez. Eta aurreko edizioetan bezala, Master saileko irabazleak apirileko Bilboko Break On Stage jaialdian aritzea jasoko du saritzat.

Lehiaketaren azken edizioetako maila altua ere nabarmendu du Garaizabalek: “Talderik gehienak dantza akademietatik etorri dira azken urteetan, eta teknikoki hobeak, sinkronizatuagoak dira aurkezten dituzten koreografiak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!