De La Purissima, Elorrion: jazza eta kuplea, musika eta antzerkia

Anboto 2016ko ots. 4a, 13:00

Julia de Castro abeslari eta aktorea eta Miguel Rodrigáñez kontrabaxista elkartzetik sorturiko proiektu eklektikoa da De La Purissima. Bariku gauerako, Elorrioko Arriola antzokian eskaini duten aukera berezia da talde horren kontzertua gozatzea.

Zuzeneko musika eta antzerkia, hainbat generoren nahasketa da Madrilen 2010. urtean sortutako taldeak eskainiko duena. Baita cabareta ere. Umorea, probokazioa eta ikusleekin jokoan aritzea ere badira De La Purissima taldearen ikuskizunaren beste ezaugarrietako batzuk. Bihar, 22:00etan, Elorrioko Arriolan eskainiko duten emanaldi honetan, Enrique Gimenoren zuzendaritzapean jardungo dira lau musikari: De Castro abeslariagaz eta Rodrigáñez kontrabaxistagaz batera, Gonzalo Maestre bateria-jotzailea eta Jorge Vera pianista ariko dira.

Jazz musikaren inprobisazio saio batean ezagutu ei zuten elkar, eta jazza, musika klasikoa eta kuplea maite dituzte. Laukote gisa kaleratu duten lehenengo diskoa, Virgen izenekoa aurkeztuko dute Elorrion. Harreman sentimental zein sexualen inguruko diskoko hamaika kantak eskainiko dizkiote publiko elorriarrari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!