Kontxi Gazetabeitia: "Whatsapp-a ipiniko didatela eta, esaten diet nahikoa dudala nik"

Anboto 2015ko abe. 20a, 10:00

87 urte bete berri ditu Kontxi Gazetabeitiak. Telefonoa heldu zendean, larakoekin edo klabijekin telefonista aritu zen, 30 urtean, eta beste hainbat emakumeren testigantzagaz batera jaso dute berea ere ‘Atzoko hitzak josten’ liburuan. Lau biloba eta hiru birbiloba dituen honetan, aktore ere aritu da 'Argi' pelikulan.

Badakigu Bizkaia Irratian 100dik gora pertsonek zoriondu zaituela.
Bai, 200dik gora izango dira. Eta, oraindik, baten bat falta da. Baina, bueno, neuk ere zoriontzen ditut, Bizkaia Irratitik. Apuntatuta ditut lagunen eta ezagunen urtegunak, eta euren egunez zoriondu egiten ditut. Bertora be joan ginen behin, bazkaria be izan genuen. Egunen baten bai eta bestean be bai entzuten dut Bizkaia Irratia.

Irratia entzutea gustatzen zaizu...
Bai, 08:00etan  isiotzen da irratia, bera bakarrik; konpainia egiten dit.

Telefonoa heldu zenean, 1945. urte inguruan, telefonista ibili zinen lanean, larakoekin.
Bai, hiru ahizpa ibili ginen Berrio Otxoa kaleko telefonikan; 15 urtegaz hasi nintzen ni. Koadro bi genituen telefonoekin. Telefonoz deitzen zigutenean, txapatxo bat bajatzen zen, larakoa sartu, eta bategaz edo besteagaz ipintzeko eskatzen zigutenean, telefonoz linea lortzean beste larakoa ipini, eta listo! Bertara ere etortzen zen jendea, inorekin telefonoz berba egiteko. 24 urtegaz ezkondu, eta Buzkantz kalera etorri nintzen.

Telefonista jarraitu zenuen?
Frutategia jarri nuen. Baina, semea hil zitzaidan, zazpi urtegaz, eta frutategia beste bati utzi nion. Horren ostean, lau ordu egiten nituen telefonikan. Okindegia ere izan neban. Horregaz jubilau nintzen.

Bizi guztia lanean.
Bai ba! Apopiloak be eduki nituen.

Ikasten ibilitakoa zara.
Lau ahiztak eskolan ibili ginen, hiru urtean. Ahizta nagusia, Katalina, anbulantzia gidatzen ere ibiltzen zen.

Ez zineten emakume asko izango, orduan, ikasi eta lanean ibilitakoak.
Bueno... familia bat behar zen telefonikan aritzeko. Miotara, baserrira etorri ziren idazten, kontuak egiten nola moldatzen ginen ikusteko. Ama egon zen lehenengo arduradun, eta, gero Katalina, ahizpa nagusia.

Eta, orain, biloba eta birbilobekin...
Bai! Baina, badaukat beste zaletasun bat. Hileko lehenengo eguaztenetan, odol-emoleen autobusa datorrenerako, lekua gordetzen dut; ogia be eroaten diet. Buzkantz elkartean emoten dute odola. Senarra zenak egiten zuen, eta, orain, nik jarraitzen dut. Gero, elizara joaten naiz, mezara eta errosarioa errezatzera.

Larakoekin ibili zinen telefonista, eta orain mugikorrak barra-barra.
Asko ibiltzen dut mugikorra. Dena daukat hor sartuta. Whatsapp-a ipiniko didatela-eta, esan diet nahikoa dudala nik  (barrez).

Aktore lanetan ere aritua zara Argi pelikulan.
Bai, pare bat bider agertzen naiz. Argigaz batera dendan, bezero moduan baten; gero, alargun paperean ere bai. Ganbaran gordetako hainbat arropa be utzi diegu pelikularako.

Eta, zelan joan da?
Oso ondo. Datorren urte hasieran estreinatuko da. Gogoa dut ikusteko! (barrez).

Lobak dituzu HAN musika taldean. Joan zara ikustera?
Kanpoan ez, baina, Elorrion jo dutenean, hiru ahiztok joan ginen ikustera. Tapoiak ipintzeko be esan zidaten.. ez zen behar tapoirik, ederra zen!

Sasoi bateko musikagaz zerikusirik ez...
Ez. Baina, oso dantzaria izan naiz ni, ez pentsa! Plazako balkoian jarritako gramolagaz izaten ziren erromeriak gure sasoian, domeketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!