Elorrioko Musika Eskolak 25.urteurrenerako sortu duen kanta aurkeztuko du abenduaren 23an

Anboto 2015ko abe. 16a, 10:08
Musika eskolako kideak Argiñetan, bideoklipa grabatu zuten egunean.

Elorrioko Musika Eskolaren mende laurdena ospatzeko 2015ean antolatu dituzten ekintzak borobilduz, kanta bat sortu eta grabatu dute ikasle eta irakasleen parte hartzeagaz. Abenduaren 23an egingo duten kontzertua berezian aurkeztuko dute kanta eta bideoklipa.


Abenduaren 23an, 18:30ean, Arriola antzokian izango da kontzertu berezia. Musika eskolako arduradunek adierazi dutenez, kanta eta bere bideoklipa biltzen dituen diskoa ere kaleratuko dute datorren astean.

Urteurreneko kantaren musika Mikel Gaztañaga eskolako irakasleak sortu du, eta Jose Garaizabal bertsolari elorriarrak egindakoa da letra.

Mungiako Gaua estudioan grabatu zuten kanta, azaro erdialdean, eta hilabete amaierarako bideoklipa ere prest zeukaten musikari elorriarrek. Elorrioko hainbat txokotan grabatutako irudiekin osotu dute bideoklipa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!