Fytasako sarrerak itxi egin ditu udalak, "istripurik gertatu ez dadin"

Anboto 2015ko abe. 14a, 10:52

2011n itxi zen enpresa, eta ordutik, eraikina abandonatuta egon da. Udalak adierazi du umeak eta txatar-biltzaileak sartu izan direla, "horrek dakarren arriskuagaz".

96 urteko jarduna eta gero, 2011n ateak itxi zituen Fytasa galdategiak. Ordutik abandonatuta egon da, eta bertara sartzea erraza zen. Udalak azaldu du umeak eta txatar-biltzaileak sartu izan direla bertara, eta hori saihestu guran, lursailaren jabeari neurriak hartzeko eskaera egin dio udalak. Baina erantzunik jaso barik, udalak hartu du bere gain eraikina ixteko ardura. Sarrera nagusian metalezko ate bat ipini du, eta hautsitako leihoak tapatu egin ditu. "Guk geuk hartu behar izan dugu ekimena, bagenekielako egun batetik bestera ezbeharren bat gertatu zitekeela", esan du Idoia Buruaga alkateak.

Aurreko legealdian ere gaiarekiko kezka mahai-gaineratu zuen EH Bilduk. EAJ zegoen gobernuan orduan, eta jabeari neurriak hartzea eskatu ziola esan zuen. Baina, ez zen emaitzarik lortu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!