Atzo azken produkzio eguna izan zuten Fytasan

Anboto 2011ko eka. 17a, 09:00

Otsailetik likidazioan dago Ductilor-Fytasa. Aste honetan azken eskabideei erantzuteko beharrak egin dituzte; datorren astean itxiko dituzte ateak

Otsailetik likidazioan dago Ductilor-Fytasa. Aste honetan azken eskabideei erantzuteko beharrak egin dituzte; datorren astean itxiko dituzte ateak.

Kronologia

*2007:  Fytasak lantegia zabaldu zuen Polonian.
*2008: Fundizioaren bezero garrantzitsu batek, Boshek, bezero izateari uti zion.
*2008 amaiera: Lehenengo Lan Erregulazio Espedientea.
*2009ko iraila: Zorrak zirela-eta, konkurtso egoeran sartu zen enpresa.
*2009ko abendua: Bideragarritasun plana Ductilorrek: ERE berria eta 21 pertsonari kaleratze espedientea zabaltzea, besteak beste. Itxialdiak eta manifestazioak egin zituzten.
*2010eko martxoa: Murrizketen kontra greba mugabakoa hasi zuten langileek. 16 egun eta gero, akordioa lortu zuten.  Enpresak kaleratu gura zituen 21 pertsonak barik, 14k utzi zuten enpresa, euren borondatez. Kaleratzerik ez, soldata jaitsierarik ez, eta ERE berri bat urte amaierara arte.
*2011ko otsaila: likidazio fasean. Epaileak itxiera agindua noiz emango zain daude.

 Ate asko jo ditugu, baina ez diogu egoerari irtenbiderik topatu”. 2008tik Fytasa-Ductilorren egoera ekonomikoa geroago eta txarragoa izan da, eta otsailetik likidazio egoeran dago enpresa. Bezeroek, egoera zein den ikusita, azken hileotan normala baino lan gehiago eskatu diete, eta behar horiek amaitzen jardun dute aste honetan. Datorren astean epaileak zarratzeko agindua emango duela azaldu digu enpresa komiteko buru Igor Cengotitabengoak.

Zorrak zirela-eta, konkurtso egoeran egon da enpresa: “Inbertsore bilatzen ahalegindu gara, Eusko Jaurlaritzagaz batu gara, enpresa guk hartzea ere  pentsatu dugu, baina azkenean ez dugu irtenbiderik bilatu”, esan du Cengotitabengoak. Likidazio egoeran daudenetik, ugazaben berririk ez dutela salatu du komite buruak.

2008tik hona
Duela hiru urte 160 langile zebiltzan fundizioan lanean. Orain 90 daude. Enpresaren egoera  “zuzendaritzaren kudeaketa txarraren errua” da, langileen ustez.

2008an, bezero garrantzitsuenak, Boshek –“produkzioaren %60-70 eurentzako zen”– bezero izateari utzi zion. Handik gutxira enplegu erregulazio espedienteekin hasi ziren. 2010eko martxoan 16 eguneko greba egin zuten langileek, 21 kaleratze barneratzen zituen bideragarritasun planaren kontra. Akordiora heldu ziren, 14 langilek euren borondatez enpresa utzita. “Greba garaian Italiako bezero garrantzitsu bat zuzendaritzagaz haserretu zen, eta ez du ia lanik eskatu ordutik”.

Poloniako lantegia
2007an Fytasak Polonian lantegi bat zabaldu zuen. Hango egoeraz informazio gutxi dutela azaldu du komite buruak: “Esan digutenez, egoera oso txarrean daude. Zor handiak dituzte, gehienak gugaz”.  Poloniako inbertsioek Elorrioko lantegian eragin handia izan duela uste dute: “Diru asko sartu da han, eta hemen inbertsiotarako eta guri ordaintzeko arazo handiak egon dira horregatik”.

Konkurtso egoeran
Fytasa eta Ductilorrek ezin zituztenez zorrak ordaindu, 2009ko irailaren 15ean epaileek konkurtso egoera deklaratu zuen bi enpresentzat Fytasa sozietate anonimoa fundizioaren administrazioaz eta salmentez arduratzen izan da, eta Ductilor soziatate mugatuko langileek fabrikazioan egin dute lan Fytasarentzat.

Konkurtso egoeran egonda, administrazio konkurtsal bat izendatu zuten enpresako diru kontuak aztertzeko. Aktiboa eta pasiboa aztertu eta hartzekodunei informazioa eman izan die administrazioak. Soldatak Fogasak ordaintzen izan ditu.

Konkurtso fasean, legez, enpresako zuzendaritzak hitzarmen bat proposatu behar die hartzekodunei, eta horrela egin zuen aurtengo otsailaren 15ean. Hartzekodunen gehiengoak onartu behar du hitzarmena aurrera egiteko, baina otsaileko batzar horretan ez zen behar beste hartzekodun agertu. Horiek horrela, likidazio fasean sartu zen enpresa. Orain administrazio konkurtsalak Fytasa desegin eta  likidazio prozesua kudeatu behar du.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!