Elorrioko eskola, Lourdesko Ama, Txintxirri ikastola, Elorrioko Institutua eta Maria Bitarteko ikastetxeetako egitarauak udal programan sartu dituzte. Aste honetan zehar, hausnarketa eta tailer ugari egiteko aukera edukiko dute ikasleek. Adibidez, puntu moreak irudikatzea izango da garatuko duten tailerretako bat. Indarkeriaren aurkako aldarrikapenak hainbat hizkuntzatan zabalduko dituzte, eta ikuspegi baikorra eman guran, “praktika onen” inguruko jarduerak burutuko dituzte.
Informatzaile
Gainera, euren familien informatzaile ere bihurtuko dira ikasle gazteak; emakumeenganako indarkeriaren kontra eta berdintasun ikuspegitik hezteko beharra islatzea izango da ekimenaren helburua.
Aurreskua
Ikastetxez ikastetxe askotariko ekintzak iragarri dituzte. Institutuan, esaterako, sentsibilizaziorako bideoak ipiniko dituzte, eta, ostean, ikasle bakoitzak mezu bat idatzi beharko du kartulina batean. Mezu positiboak izatea lehenetsiko dute, emakumeen ahalduntzeagaz lotutakoak. Eskolan ere mezuak idatziko dituzte, oihal eta paper zatietan.
Institutuak eta eskolak ekitaldi bateratu bat egingo dute, 25ean. Emakumezko irakasle batek eta aita batek aurreskua dantzatuko dute batera, eta, ostean, argazkia aterako dute ikastetxe bietako kide guztiek.
Ezpainak gorriz
Maria Bitarteko ikastetxean ekintza bitxia egingo dute. Irakasleak ezpainak gorriz margotuta ibiliko dira hilaren 25ean, eta, egunak aurrera egin ahala, ikasleek ere margotuko dituzte.
Mila arrazoi
Lourdesko Ama eskolan bideo bat landuko dute guztiek batera. Bertan, adin askotako ikasleak agertuko dira, eta bakoitzak mezu bat botako du, indarkeriaren aurka “mila arrazoi” daudela irudikatzeko.
Txintxirri ikastolan, ostera, tutoretza orduak aprobetxatuko dituzte, eta ziklo bakoitzean ikuspegi desberdin batetik landuko dute gaia.