Tolosako Bonberenean aurkeztuko du Han taldeak bere lehenengo diskoa, zapatuan

Anboto 2015eko urriaren 22a

Urriaren 24an, zapatuan, Tolosako Bonberenea gaztetxeko kontzertuan aurkeztuko du taldearen izen bereko diskoa, Elorrioko Han taldeak. Xabi Strubellen Zura taldeak ere joko du, zapatuan, Bonberenean, eta elorriarrak pozarren daude, lehenengo diskoa aurkeztuko dutelako alde batetik, eta oholtza Zura taldearekin partekatuko dutelako, bestetik. “Ohorea” da, Nerea Lersundi Han taldeko abeslariaren berbetan, oholtza horrelako musikariekin partekatzea.

Laukotearen lehenengo diskoa da Han. Karlos Osinagagaz Bonberenea estudioetan grabatu zuten, eta Osinaga arduratu da ekoizpenaz eta masterizazioaz ere. Bonberenea Ekintzak-en eskutik, KD eta LP formatuetan argitaratu dute. Urri hasieratik  Elorrioko Parra, Portalekua eta Kukuma tabernetan, eta Durangoko Intxaurren dago diskoa eskuragai.

Bederatzi kanta biltzen ditu Han taldearen lehenengo diskoak, eta duela bi urte sortutako taldearen ibilbide osoaren isla da. Emaitzagaz “oso pozik” daude taldekideak, eta “birari ekiteko irrikitan ere bai”.  

Zapatukoaren ostean, urriaren 27an, Gasteizko Parral tabernan joko dute, eta azaroaren 28an, Elorrioko Arriolan ariko dira. Herrian izanik, eta kontzertua ez ezik ikuskizun berezia ere eskainiko dutelako, ez-ohikoa izango da Arriolakoa. Han 2634 ikuskizunagaz aurkeztuko dute disko berria Han taldekoek, Elorrion. Gerora begira, Durangon eta Arrasaten ere lotuta dituzte kontzertuak.

Eskarmentu handiko musikariak dira 2013. urtean Han taldea sortu zuten Karlos Gomez, Gorka Molero, Migel Leon eta Nerea Lersundi. Lehenago, besteak beste, Ama Say, Las Ratas, Mokaua, Non Demontre, Antton, Yakuzi, edo Tunnel 483 taldeetan ibilitakoak dira.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!