Elorrioko Ferixa Nausikoak 2015

Jon Garaizabal (Summum Art): "Harrotasun berezia sentitu izan dut beti Elorrion aritzean"

Anboto 2015ko ira. 5a, 10:00

Jon Garaizabal eta Igor Dr.Bharat lankidea, emanaldi batean.

Summum Art kolektiboko kidea da Jon Garaizabal Larraz (Elorrio, 1980). Bere herriko jaietan, Ateneoan eta Gaztetxean musika elektronikoa eskainiko du.

Hainbat lagunekin kolaboratzen duzu Summum Art ekimenean.
Bai, hainbat kidegaz kolaboratu izan dut hasieratik. Unai eta Aitor kideekin abiatu nuen duela lau urte Summum Art proiektua, eta azken urteetan Igor Dr. Bharat bakioarra dut kide. Beragaz daukadan proiektua da, orain gutxi, Elorrion aurkeztu genuen Fhormak.

Igorregaz ‘A-Srama’ proiektua ere badaukazu orain esku artean, ezta?
Bai, musika eta irudien bidez Indiara bidaia bat proposatzen dugu ikuskizun horretan. Espiritualtasuna garatzeko Indiara bidaiatzea ez dela derrigorra adierazi gura dugu lan horretan.  

Bideogintzako zure lanaren ezaugarriak zeintzuk dira?
Zuri-beltzeko irudiekin egin izan dut lan gehienetan. Hasieran, koloreko irudiekin ere egiten nuen lan, baina momentu batean kolorea alboratu, eta zuri-beltzean bakarrik aritzen hasi nintzen. Azkenaldian, berriz, kolorea sartzeko beharrizana sentitu dut. Idoia Garai dantzariaren Dantzarima proiekturako egindako bideoetan hasi naiz berriro kolorea erabiltzen.

Baserrian daukazun estudioan egiten duzu lan? Ematen du zuen sorkuntza mota hori lotuago dagoela hiriguneagaz...
Bai, baserrian egiten dut lan, Elorrion. Duela urtebetetik bizi naiz hemen, eta lotura handia nabari dut inguratzen nauen naturagaz. Baina, bai, egia da teknologiari oso lotuta dagoela gure arloa; ordenagailua behar-beharrezkoa dugu, esaterako.

Elorrioko jaietan zelako saioa eskainiko duzue?
Ateneoan aritzen naizenean egin ohi dudan bezala, DJ saioa eskainiko dut han. Ez ditut irudiak proiektatuko Ateneoan, baina badaukat dekorazioa lantzeko asmoa. Irailaren 12an Gaztetxean eskainiko dudan emanaldian, aldiz, bai, musika eta irudia uztartuko ditut.

Sarritan irakurri dugu Summum Art izena Elorrioko jaietako programetan...
Bai, askotan aritu gara Elorrion. Gaztetxean, Arriolan, hainbat tabernatan... Eta beti harrotasun berezia sentitu dut Elorrion aritzean. Orain hamarkada bat Gaztetxean musika elektronikoa egiten hasi ginenean, batzuek gogor kritikatu gintuzten. Baina ez genuen amore eman, eta orain ikusten da saiatzeak merezi izan duela. Edozelan ere, Elorrion beti aurkitu dugu gauza berriak hartzeko zabalik dagoen jendea.

Urte asko dira elektronikaren mundura gerturatu zinetela.
Bai, badira hamabost urte gu honetan hasi ginela, eta esan dudan bezala, sasoi hartan askok gutxietsi egiten zuten elektronika. Drogarekin lotzen zuten...

Azken urteetan aldatzen joan da hori.
Gutxinaka jendea ikuspegia zabaltzen joan da, bai. Jaiak disfrutatzeko modua ere asko aldatu da, eta musika elektronikoaren aniztasuna asko garatu da. Musika elektroniko pausatuagoa ere asko entzuten da.  

Orain modan dagoela dirudi...
Bai, baietz esango nuke. Lehen jendea Ibizara-eta joaten zen, baina bazirudien gure herrietan ezin zela terraza batean musika elektronikoa entzuten egon... Hori aldatzen hasi da, baita Durangaldean ere: herrietako txosnaguneetan ere elektronika emanaldiak programatzen dira.

Zer arlotan eman zenituen lehenengo pausoak, bideogintzan ala musikan?
Musikarekiko zaletasuna beti eduki dut, eta geroago deskubritu dut irudiarekiko nire interesa garatzeko euskarria: bideogintza. Duela lau urte ekin genion bi arlo horiek Summum Art proiektuan elkartzeari.

Musikari eta bideogintzari loturiko ikasketak egin dituzu?
Ez, ez dut horrelakorik ikasi. Hainbat urtetan, proiektu desberdinetan izan ditudan bidelagunengandik ikasi izan dut dakidana, eta baita zerbait egin guran bidean topatu ditudan zailtasun eta blokeoetatik ere. Martxan ipini ditugun proiektu guztiak izan dira ikasbidea.

Musika asko entzuten duzu?
Bai, nire bizitzako momentu guztietan dago musika. Musika elektronikoa entzuten dut goizean, eguerdian eta gauean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!