Elorrioko Ferixa Nausikoak 2015

Musika eskolak abiatuko ditu Ferixa Nausiko jaiak, zapatuan

Anboto 2015ko ira. 2a, 12:13

Rosa Azkarate, musika eskolako zuzendaria, izango da Ferixa Nausikoetako pregoia irakurriko duena. Musika eskolak aurten 25 urte bete ditu, eta Azkarate bertako zuzendaria da duela 21 urtetik.

Aurtengo Ferixa Nausikoetako jaiek musikagaz lotura berezia izango dute. Izan ere, aurten 25. urteurrena ospatuko duen Garamenditar Agustin musika eskolako kideak izango dira txupinazoa jaurtiko dutenak. Rosa Azkarate musika eskolako zuzendaria da duela 21 urtetik, eta txupinazoa jaurtitzea “ilusio handiz” hartu dutela aitortu du: “Gutaz gogoratzea ohore handia da”. Udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtitzeko unea sorpresaz betea egongo dela aurreratu du Azkaratek. Zuzendaria bera izango da pregoia irakurriko duena.

25 urte musika irakasten
Garamenditar Agustin musika eskola elkarte gisa jaio zen duela 25 urte, musika eskola izateko bokazioagaz. Hasieran 80 ikaslegaz hasi ziren, eta jendeak kontserbatorioan musika ikasketak egin gura zituela gogoratu du Azkaratek. 1992ko legeagaz musika eskola bihurtu zen elkartea, eta 4 urtetik gorakoei musika irakasten hasi zitzaizkien. Une honetan, Elorrioko musika eskolan 248 ikasle dabiltza. Azken boladan, ikasleen profila aldatzen dabilela nabaritu du zuzendariak. Azkaratek dioenez, gero eta jende nagusiagoak ematen du izena. Horietako batzuk aurretik ikasle izandakoak dira, eta, bere garaian ikasketa arautuak egin ondoren, orain “disfrutatzera” doaz. Zuzendariak beste ikasle profil bat ere aipatu du: umeak ikastera doazela baliatu, eta izena ematen duten gurasoak.

Ekitaldi herrikoiak
Musika eskolako kideek txupinazoa jaurtitzeagaz batera hasiera ofiziala emango diete jaiei. Aurtengo jaietako erronka nagusia, baina, aurrekontu murriztuari aurre egitea izan dela aitortu du Idoia Buruaga alkateak. Hala ere, programatzaileek eta Jai Batzordeak euren lana “primeran” bete dutela esan du. Ildo horretatik, ekitaldi herrikoiak lehenetsiko dituztela gaineratu du. Ekitaldien artean, Elorrioko II. Artzain Txakur Txapelketa lehenengo zapatuan, irailak 5, izango dela adierazi du Buruagak. Tradizioz betetako ekitaldiek ere ez dute hutsik egingo: Sukalki Egunak, danborradak eta erromeriak, besteak beste. Horretaz gainera, Buruaga alkateak azaldu du ez jaietan, ez gainontzeko egunetan, Elorrion ez dutela jarrera matxistarik, sexistarik eta indarkeriazkorik onartzen. Ildo horretatik, Jai Batzordeak gaia landu duela nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!