Kulturaren Eguna ospatuko dute zapatuan, 'Argi' filmerako dirua biltzeko

Anboto 2015ko eka. 3a, 09:55

Uztailean Elorrion grabatuko duten Argi filma ezagutzera eman eta proiektua diruz laguntzeko ekarpenak jasotzeko antolatu dute Kulturaren Eguna, ekainaren 6rako.

Iratxe Mediavilla elorriarra jardungo da filma zuzentzen, eta Eneko Sagardoy durangarra eta Yannick Bergara izango dira filmaren protagonista nagusiak. Luzemetraia grabatzeko finantziazioa lortzeko, jendearen diru ekarpenak jasotzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute, eta berau ezagutzera emango dute zapatuko egitarauagaz.

10:00etan hasiko dira zapatuko Kulturaren Eguneko ekintzak; artisauen eta bigarren eskuko gauzen azokagaz. Goizean zehar, bestalde, Ane Miren kontorsionistaren, Jone Saitua artista plastikoaren eta Maider Legarreta eta Ibai Mingo musikarien emanaldiak ere izango dira, plazan ikusgai.

Arriolan izango dira arratsaldeko ekintzak; 17:00etan hasiko da Itziar Gameroren umeentzako ipuin kontalaritza saioa, eta 18:30ean hainbat film laburren proiekzioa.

19:30etatik aurrerakoak Gaztetxean egingo dituzte: Joseba Gorordo gidoilari eta zuzendariak 160 dokumentalaren inguruko berbaldia eskainiko du, filma emango dute ondoren, eta Rat-zinger taldeak joko du, 22:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!