Willy Toledo: "Inplikazio pertsonalari eta kolektiboari esker lortu dugu filma aurrera ateratzea"

Anboto 2015ko mai. 2a, 10:00

Maiatzaren 3an, 20:00etan, Elorrioko Arriolan aurkeztuko du Willy Toledok (Madril, 1970) 'Historias de Lavapiés filma. Madrilgo Lavapiés auzoko institutuan irakaslea den Ernestoren papera antzezten du Toledok filmean.

Zelan sortu da Elorrion aurkezpen hori egiteko aukera?
Filmaren produkzio lanetan dabiltzan kideei bururatu zaie. Izan ere, momentu honetara arte Madrilgo aretoetan bakarrik lortu dugu filma aurkeztea, eta zabaltzeko bide berriak probatu gura genituen. Ezagunen eta lagunen bitartez, leku edo zinema txikietan eskaini gura dugu filma, jendeak ikusi dezan.
 
Inplikazio berezia eskatzen dio aktoreari estilo honetako proiektu batek? Aurkeztera honaino etortzeko...
Edozein filmetan zati bat promozio lana egitea izaten da, baina kasu honetan ez daukagunez ezelako laguntzarik, ez mediatikorik, ez ekonomikorik, ez banaketa arlokorik, ez bestelakorik, inplikazio handiagoa eskatzen du. Kooperatiba bat sortuta finantzatu dugu proiektua, langileok kobratu barik egin dugu lan... Inplikazio pertsonalari eta kolektiboari esker lortu dugu film hau egitea, eta modu horretan lortu gura dugu ahalik eta jende gehienak ikusi dezala.  

Proiektua ekonomikoki bideragarri egitea zelan lortu duzue?  
Ekarpen pertsonalen eta babesleen bitartez lortu dugu. Filmaren aurrekontua 70.000 euro ingurukoa izan da. Gainera, lantaldeko kide gehienok kobratu barik egin dugu lan.

Kobratu barik lan egitea, baina, ezin daiteke filmak egiteko bide bakarra izan...
Egin ditudan azken hiru filmak kobratu barik egin ditut, baina argi dut hori ezin daitekeela eredu produktibo berria izan. Besteen lanetik etekina atera izan dutenek are negozio hobea dute orain; ez dute ez produkzioaz, ez kontratuez, ez soldatez arduratu beharrik. “Egin ditzatela euren filmak, eta amaitzen dutenean ikusiko dut ea gustuko dudan eta banaketan sartuko naizen ala ez”. Hori da azkenaldian gailentzen dabilen formula.

Zelako lantaldea ibili zarete ‘Historias de Lavapiés’ sortzen?
25-30 lagun ibili gara filma egiteko doan lan egiten. Gidoi bat aurrera eraman ezinean bost urte badaramatzazu, eta bide bakarra hau dela ikusten baduzu, urtean behin egin daiteke horrelako lan bat, baina ezin daiteke arau bihurtu. Gremio oso bat ezin daiteke kobratu barik lanean ibili. Jendeak lanetik bizi behar du. Ni nazkatuta nago doan lan egiteaz.   

Filma kokatua dagoen Madrilgo Lavapiés auzoagaz lotura berezia duzue partaideek?
Bai, lantaldeko kide gehienak bertan bizi dira, eta neu ere asko egoten naiz bertan. Auzoa oso ondo ezagutzen dugu guztiok. Ramón Luque gidoilari eta zuzendaria, esaterako, aspalditik bizi da auzo horretan.

Zer kontatzen du filmak?
Neuk antzezten dudan familia diruduneko semea, Ernesto, Lavapieseko institutu batean irakasle lanetan hasten da, eta bertan topatzen duen errealitate latza erakusten du filmak. Lavapiesen kultura, hizkuntza eta klase nahasketa handia dago, eta horrelako auzoetako eskoletako arazoez dihardu filmak. Baina, bestetik, etorkinen kontrako jazarpen polizialaz eta jende askok bizirauteko egin behar duen borrokaz ere badihardu. Burgesiaren burbuilan bizi izan den Ernesto protagonistak begiak zelan zabaltzen dituen erakusten du filmak, beretzat gordinegia den errealitate hori zelan bizi duen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!