Iratxe Mediavilla, zinema dekoratzailea: "Film luze bat errodatu nahi dut Durangaldeko jendeagaz"

Anboto 2014ko aza. 14a, 12:14

Zinema arloan bere ibilbidea zabaltzen dabil Iratxe Mediavilla elorriarra. Filmen eta iragarkien grabazioetan dekorazioaz arduratzen da. 24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketan bere taldeak irabazi du lehenengo saria.

24 Ordu Digitalean zer-nolako esperientzia izan da?
Duela lau edo bost urte parte hartu genuen lehenengoz. Oraingo honetan Bilboko eta Elorrioko lagunak biltzeko aukera gisa ikusi nuen. Filmetan egoten garen guztiok elkartzeko proposamena izan zen. Elorrioko Liherri esan nion, eta Bilboko beste batzuei ere bai.

Egun bakarrean film labur bat egitea zaila izango da.
Bagenekien lan berezia eta gogorra izango zela. Talde-lan handia egin genuen. Ordu bi inguru egin genuen lo. Gehienok profesionalak garenez, errazagoa izan zen. Dena dela, lokalizazio asko genituen, eta horrek zaildu egin zuen lana. Maribel Salasek eta Asier Ormazak ere asko erraztu zuten dena.

Non grabatu zenuten?
Evanjelinaren dendan grabatu genuen. Orain urte bi itxi zuten, eta, lagun batena denez, utzi egin zigun. Zaila izan zen, lokalak ez zuelako argirik eta ondoko lokalari eskatu behar izan geniolako. Casajaran ere grabatu genuen. Lagun baten bidez lortu genuen baimena. Jauregiaren jabea Madrilen dago, eta deitu egin zigun, grabaketa zelan irten zen galdetzeko.

Proiektu horrek jarraipenik izango du?
Film luze bat errodatu nahi dut Durangaldeko jendeagaz. Gabonak arte gidoia idatziko dut, eta apirilean edo maiatzean, eguna luzatzen denean, errodatzea gustatuko litzaidake. Beste attrezzo egile bat ere badago Durangon, Diego, eta beste hainbat lagunek dihardugu honetan.

Zineman dekorazio arloan diharduzu lanean. Zelan heldu zara lanbide horretara?
Mundu hori gustuko izan dut beti, baina ez nekien zehazki zer egin. Bilboko Zinema Eskolan hasi nintzen, eta Arte zuzendaritza ikastaroa egin nuen. Astebururo klasekideok film laburrak grabatzen genituen. Horrela eman nituen bi edo hiru urte.

Arlo profesionalerako pausoa zelan eman zenuen?
Produktore batzuk eskolara etorri ziren, eta horrela ekin nion bideari. Lehenengo lana, orain dela bost urte, Basque Filmsen Camera obscura izan zen. Leire Berrocal eta Josean Bengoetxea ziren aktore nagusiak. Uda batean grabatu genuen Muskizen. Filmaren arduradunak beteranoak ziren, eta asko irakatsi zidaten.

Horren ostean film gehiago etorri ziren.
Urtero film bat edo bi egiten ditut. Gehien gustatu zaidana Bypass izan da. Oso pozik egon nintzen proiektu horretan. Lokalizazio naturaletan errodatu beharrean, K2000 ekoiztetxean antolatu genuen dekoratua. Joan zen urtean Tres mentiras filmean parte hartu nuen. Era berean, Lara Izagirreren filmean egun bat baino ezin izan naiz egon, oso lanpetuta nabilelako eskoziar batzuekin film bat errodatzen, Diman.

Iragarkietan ere parte hartu duzu.
Bai, gehien gustatu zaidana Galder Gaztelu-Urrutiagaz errodatutako ETB a la carta izan da. Euskaltel, Repsol eta horrelakoetan ere jardun dut.

Arte zuzendaritzari dagokionez, zein da gustukoen duzun filma?
Orain dela gutxi La isla mínima ikusi nuen, eta estetikoki oso ondo dago. Baina, kontrakoak ere badaude. Adibidez, Carmina y Amén; arteari dagokionez,  attrezzo kontuan akats asko ditu lan horrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!