Datorren egueneko emanaldiaren ostean, beste hiruna jazz eta blues emanaldi dakartza Elorrioko jaialdiak. Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek osaturiko egitarau erakargarria osatu dute antolatzaileek.
Azaroaren 14an, 22:30ean, hirukote forman, jazza izango da jaialdiko protagonista: Juan Ortiz pianistaren proiektua ezagutu ahalko dute kontzertura hurreratzen diren musikazaleek. David Ruiz kontrabaxuan eta Borja Barrueta baterian izango ditu Ortizek ondoan, 22:30ean. Jazz klasikoa eta abangoardiakoa uztartuta, Juan Ortizek munduan zehar egindako bidaietan sorturiko doinuak oinarri hartuta jardungo da hirukotea. Soinu fresko eta berritzailea eskainiko dute.
Egueneko blues musikari bikotearen eta barikuko jazzlarien ostean, sei musikariz osatutako taldea gonbidatu dute Elorriora: gitarrak, teklatua, harmonika, kontrabaxua, bateria eta ahotsak uztartuta ariko da Tino Gonzalesek, Leburn Maddoxek, Julio Lobosek, Antonio Serranok, M. Nietmietzek eta Carlos Amoresek osaturiko seikotea. Gonzalesen jaioterriko (Chicagoko) bluesa, funkya, soula, hip hopa eta musika latinoa uztartzen ditu taldeak. Besteak beste, Solomon Burkegaz eta Chuc Berrygaz jo izan duten musikari horiek entzuteko aukera izango da, azaroaren 15ean.
Musikazaleek agendan seinalatu beharreko lau eguneko beste asteburu bat ere prestatu dute Elorrioko jaialdian: Iñaki Salvador piano-jotzaile donostiarra Andrzej Olejniczak saxofonistak lagunduta ariko da azaroaren 20an. 1993an elkarrekin Catch diskoa grabatu ostean, berriro elkartu dira jazz musikari biak.
Jazzeko boskote klasikoa osatuta etorriko den Gabacho Connectionek, saxofoia eta tronboia baliatuko ditu, esate baterako, azaroaren 21eko kontzertuan.
Bere misioa “publikoa zoriontsu egitea” dela dioen Slam Allenek bluesa eta soul doinuak uztartuko ditu azaroaren 22an. Portalekua tabernan emango dute jaialdia amaitutzat, Txus Blues harmonika-jotzaileak eta José Bluefingers gitarristak.
Egitaraua· Azaroaren 13an, 21:30ean, Joseba B. Lenoir Duo |