Kainabera, Udala eta Eroski batu dira Elorrion, elikagai bankuaren banaketarako

Anboto 2014ko ira. 4a, 12:28

Elorrion iaz hasi ziren janari banaketako lehenengo pausoak ematen, zarata handirik egin barik. Elikagai Bankukoek udalari jakinarazi zioten Elorrioko hainbat familia Basaurin dagoen biltegira joaten direla, eta, horren ondorioz, herrian bertan zerbitzua zelan eskaini aztertzen hasi ziren. Udalak Kainabera gobernuz kanpoko erakundeari elkarrekin lan egitea proposatu zion, eta GKEak baiezkoa eman zion.


Udalak lokal bat prestatu du Galartzauria kaleko 1 zenbakian, Lourdes ikastetxerako bidean. Bertan batzen dituzte janaria eta produktuak, eta banatu ere han egiten dituzte beharra daukaten familien artean. Herritar horiek, horren aurretik, udaletxera jo behar izaten dute laguntza eske, gizarte zerbitzuetan kudeatzen delako gaia. Horrela, zerrendak egin, eta Kainaberakoek badakite nor etorriko den produktuen bila.

Elkartasun ekimena sendotu egingo da aurten, Eroski Fundazioak ere lagunduko du eta. Hitzarmena eguaztenean sinatu zuten, eta ekimena publiko egiteko aprobetxatu zuten. Eroskik 6.000 euro ipiniko ditu, eta, modu horretan, beste hainbat produktu erosi ahalko dituzte Kainaberakoek. Elikagai Bankutik datozen sortak osatu eta hobetuko dituzte, beraz. Hitzarmenak urtebeteko iraupena edukiko du.

Lankidetza
Ana Otadui alkateak esker hitzak izan zituen hitzarmena sinatu ostean: “Eroski Fundazioaren eta udalaren borondate ona ez litzateke ezertarako izango Kainabera elkartearen lan izugarriaren laguntzarik barik”. Guztiek batera, krisiak gehien kaltetutako herritarrei emango diete laguntza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!