Iranen surfa sustatzen jardungo du abuztuan Elorrioko Cross Culture Surf elkarteak

Iranen surfa sustatzen jardungo du abuztuan Elorrioko Cross Culture Surf elkarteak

Waves of Freedom elkartearekin elkarlanean ariko da. Proiektuak Iraneko kirol ministeritzaren babesa du. Finantziazioa lortzeko bigarren eskuko azoka antolatuko dute uztailaren 26an, Elorrion.

 

Elorrioko Cross Culture Surf elkarteak eta Waves of Freedom elkarteak Iranen surfa sustatzeko Surf Seeds (surf haziak) proiektua landuko dute abuztuan. Waves of Freedom orain urte bi ere Iranen izan zen (goialdeko bideoa orduko esperientzien ostean egindakoa da) asmo beragaz eta oraingo egitasmoak ordukoa garatzea du helburu: “Orduan erein zituzten haziak eta orain hazi horiek ureztatzeko momentua dela uste dugu”, adierazi du Cross Culture Surf elkarteko Joseba Attard-ek. Horretarako Iranen gobernuaren babesa dutela adierazi du: “Iraneko kirol ministroak gonbidapena luzatu digu bertara joateko”. Proiektuak helburu nagusi bi ditu: surfa kirol erakargarria dela erakustea eta surfak hango ekonomiari zer onura ekarri ahal dizkion azaltzea: “Proiektu ausarta da, baina era berean oso polita”. Egitasmoak askotariko ekintzak aurreikusten ditu: profesionalek eskainitako surf klaseak, itsasoan larrialdiko erreskateak zelan egin jakiteko kurtsoak, inguruko kirol klubekin eta unibertsitateetako ikasleekin topaketak eta politikoekin zein zonaldeko agintariekin batzarrak, surfa turismoa sustatzeko bidea izan daitekeela azaltzeko.

Orain 12 urte Iranen izan zen Attard eta “Iranekiko ideia batekin joan eta beste ikuspegi batekin bueltatu nintzen; ez ditugu toki berriak bilatu behar, daudenak beste begi batzuekin begiratu baino ”. Proiektu honen erdigunea Iranen hegoekialdean dagoen Baluchistan probintziako Ramin herria izango da. Bertara joango dira. Hango kostaldeak mediterraneo itsasora ematen du: “Ramin herri txiki eta pobre bat da. Ez dago ia ezer eta bertakoek oso bizitza pobrea dute. Baina kostalde eta hondartza ona daukate eta olatu onak daude. Jendeak pentsatu dezake Iranen ez dagoela olatu askorik, baina ez da horrela. Olatuak badaude, falta dena surflariak dira”.  

Lau laguneko taldea joango da Iranera: Joseba Attard elorriarra (Cross Culture Surf Elkarteko zuzendaria), Easkey Britton irlandarra (surfista profesionala eta olatu handien ehizan aitzindaria) , Marion Poizeau frantziarra (bideogilea) eta Mona Seraji irandarra (emakumezkoen snowboard-aren enbaxadorea Iranen).

Finantziazioa lortzeko bigarren eskuko azoka

Proiektuak hainbat gastu ditu, surf materiala lortu beharra, esaterako. Babesle bila dabiltza, baina finantziazioa lortzeko beste bide batzuk ere landuko dituzte. Horrela, uztailaren 26an (09:00etik 15:00etara) bigarren eskuko azoka antolatuko dute Elorrioko plazan.

Gura duten denek parte hartu dezakete azokan: “Jendea parte hartzera animatu gura dugu. Denetarik saldu ahalko da: arropa, altzariak, diskoak, liburuak, tresneria… trastero, garaje eta ganbaretan apurka batzen diren gauzakiak altxor bat izan daitezke beste batentzako”. Azokan produktuak saltzeko tokia gordetzea bost euro izango da. Gainerako dirua, salmentetatik datorrena, postu bakoitza ipini duenarentzako izango da.

Azokarako izen-ematea egiteko hainbat bide ahalbidetu dituzte: hello@crossculturesurf.com helbide elektronikoa, Elorrioko Igartua Kirolak denda (Elorrioko plazan) edo 667 918 871 telefonoa.

Proiektuaren hazia

2011n, olaturik onenen bilaketak, Iranera eraman zituen Marion Poizeau eta Easkey Britton. Hango bizipenekin bideolan bat egin zuten (behealdean ikusgai) eta sona handia lortu zuen nazioartean. Iranetik mezu asko jaso zituzten eskerrak emanez eta berriro itzultzeko eskatuz. 2013an berriro itzuli ziren. Surfa sustatzea zuten helburu, emakumeen jabekuntzan ahalegin berezia ezarriz. Bigarren bisita hartan Mona Serajiren laguntza izan zuten. Bigarren bisita hura ere arrakastatsua izan zen eta bide horretan sakontzeko aukerak ikusi zituzten.

 

Easkey Britton surf en Iran- http://marionpoizeau.com from marion poizeau on Vimeo.