Sei bikote ariko dira Elorrioko Trikitilari Gazteen I. Txapelketan

Anboto 2014ko uzt. 3a, 11:36

Gipuzkoako seina trikitilari eta panderojole ariko dira Elorrion antolatu duten Trikitilari Gazteen I. Txapelketan. Bihar, 18:00etatik aurrera, plazako pilotalekuan egingo dute txapelketa horren lehenengo edizioa. Antolatzaileen arabera, eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokira aldatuko dute emanaldia.

 

Bikote bakoitzak hiru pieza eskainiko ditu txapelketaren barruan: trikitia, porrusalda, eta pot-pourria. Sariak banatzerakoan, piezen originaltasuna, kide bien bat etortzea eta dantzagarritasuna hartuko ditu kontutan epaimahaiak, besteak beste. Txapelak eta 250 euroko ordainsaria jasoko dituzte lehenengo sarituek, 200 euroko saria bigarrenek, 150 eurokoa hirugarrenek eta 80 eurokoa gainontzeko hiru sailkatuek.

Alaitz Udalleta eta Aiala Etxabe, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia, Josune Arakistain eta Alaitz Eskudero, Naiara Mancisidor eta Naia Aguirregabiria, Larraitz Etxarte eta Olatz Leturiaga, eta Paul Eizmendi eta Andrea Beobide bikoteak ariko dira Elorrioko I. Trikitilari Gazteen Txapelketan.

“Jaietan edo askotariko ekitaldietan trikiti doinua atzealdean entzutera ohituta gaude, baina ez dugu ezagutzen jotzen eta kantatzen gazte hauek duten trebetasuna”, adierazi du antolakuntzan jardun den Juan Luis Elorzak. Azaldu duenez, ezagutza hori bultzatzeko antolatu dute txapelketa, gutxinaka, Durangaldeko hainbat herritako tradizio trikitilaria berreskuratzeko.


Oraindik txapelketan parte hartzeko gazteak izanagatik, badago Elorrioko musika eskolan trikitia ikasten duen 8-9 urteko elorriarrik. Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarra dute irakasle musikari gazte horiek.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!