Elbarrituen Bizkaiko Bira Elorrion amaituko da domekan

Anboto 2014ko uzt. 2a, 09:31

Tandem-a da lau modalitateetako bat; iazko aldiko irudia (Argazkia: Saiatu Fundazioa)
Euskal Herriko, estatu mailako zein nazioarteko 120 txirrindulari batuko dira Elorrion, Bizkaiko Paracycling Birako azken etapan.

 

Saiatu Fundazioak elbarrituei kirola egiteko bideak irekitzea du helburu. Txirrindularitzaren esparruan, Bizkaiko Paracycling Bira antolatzen du urtero; aurtengo aldia asteburuan egingo dute eta domekako azken etapa Elorrion hasi eta amaituko da. Elorrioko Udala babesleetako bat da.

Urterik urtera gero eta txirrindularitza proba ezagunagoa bilakatzen ari da Bizkaiko Paracycling Bira. Esaterako iaz nazioarteko 20 estatutik eta Espainiako 10 erkidegotatik etorriko 120 ziklista batu zituen; tartean munduko espezialistarik onenak. Aurten mailari eutsi egingo diote eta, gainera, UCIren nazioarteko egutegian sartu dute. Ondorioz ranking orokorrerako puntuak egongo dira jokoan. Hainbat modalitatetan parte hartu daiteke: ohiko bizikletan, tandem-ean, trizikloetan eta handbike-ean. Era berean, modalitate bakoitzaren barruan mailak daude.

Zapatuan lasterketa bi lehiatuko dituzte: Mungian goizean (20 km-ko zirkuitua) eta Gallartan arratsaldean (6 km). Elorriokoa Birako azken etapa izango da. Domekan, 09:45ean irtengo dira tandem modalitatekoak Elizburu kaletik; 10:15ean bizkletakoen txanda izango da. Modalitate bi horietan erlojuaren kontra ibiliko dira. Ondoren, 11:30ean eta 12:45ean, handbikes eta triziklo modalitatekoak irtengo dira. Hauek errepidean arituko dira eta ez erlojuaren aurka.

Ibilbidea zortzi kilometroko zirkuitu batek osatuko du, dena Elorriotik irten gabe. San Agustineko biribilgunera arte joango dira; han buelta hartu, industrigunetik sartu-irtena egin,  eta San Fausto kaletik berriro Elizburura itzuliko dira. Modalitatearen arabera bi edo hiru bider osatuko dute zirkuitua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!