44 urtegaz, lesioen eraginez, areto-futbola uzteko erabakia hartu behar izan du. Hori bai, seguru laster beste kirolen bat praktikatzera ausartuko dela, ez da geldirik egotekoa eta. Joan zen asteburuan jokatutako neurketan omenalditxoa egin zioten taldekideek.
Zelakoa izan zen taldekideek eskainitako omenaldia?
Eurak Txapeldunen Ligako jokalarien estilora irten ziren kantxara. Nigana etorri eta kamiseta eman zidaten. Detaile polita izan zen eta pozik nago. Gainera, Bilboren kontra jokatu genuen. Lehenengo eurek sartu zuten gola, gero berdinketa... Azkenengo gola sartzean niregana etorri ziren taldekideak.
Futbolean eta areto-futbolean ibilbide luzea duzu; tartean, lesio ugari eduki duzu, gainera.
Elorrion egon nintzen lehenengo futbolean jokatzen, eta belauna dislokatu nuen. Donostian ebakuntza ona egin zidaten, eta zuntzezko lotailuak ipini zizkidaten. Gero, Berrizen lotailu gurutzatua apurtu nuen. Hango bat Durangoko Sasikoan zegoen, eta gura banuen, joateko esan zidan. Hamar urtez egon nintzen Sasikoan. Baina ume bi dauzkat, Durangora joateko sekulako auto-ilara egoten da [barrez]... Elorriarrak beti neuzkan etortzeko esanez. 39 urtegaz etorri nintzen eta 44 dauzkat.
Urte batzuetan, jokalaria eta entrenatzailea izan zara Elorrion.
Bai, jokalari-entrenatzaile ibili izan naiz. Urte batzuk politak izan ziren, baina urte oso txar bat ere eduki genuen. Galtzen hasi ginen, entrenatu barik, lesioekin, eta mailaz bajatu ginen. Baina azken urteetan tituludun entrenatzailea eskatu izan digute, eta orain Iker Saenz daukagu. Igo egin ginen berriro, eta aurten bosgarren gaude.
Zelan baloratzen duzu aurtengo denboraldia?
Maila honetan bosgarren geratzea ondo dago, talde beteranoak daude eta. Baina nik uste dut hobeto ibiltzeko taldea daukagula. Hala ere, futbol polita egin dugula uste dut.
Zer duzu gustukoago? Futbola edo areto-futbola?
Areto-futbola. Asko gustatzen zait, larregi agian. Ezagun batek ere esan zidan areto-futbolean jokatzen botatzen duzuna ez duzula beste kirol batean botatzen. Jokatzen zabiltzanean ez daukazu buruan hurrengo egunean lanera joan behar duzula.
Zein estilo izan duzu gustuko?
Zabaldu, ukitu, jokatu, paretak egin... Sasikoan oso talde ona geneukan. Beti zen baloia guk edukitzea, ukitzea... Elorriora etorri nintzenean ere Iñaki Duñabeitia zegoen, sekulako kalitateagaz. Berari ere baloia edukitzea gustatzen zitzaion. Horrela oso gustura ibili izan naiz.
Kanpotik begiratuta, lagun giroko kirol bat dela ematen du. Baina zu ibili zaren mailetan hori gainditu egiten da?
Prestatu egin behar duzu. Jokalari onak behar dituzu goiko mailetan ibiltzeko. Gainera, gero eta gorago egon, gero eta diru gehiago behar da. Hori bai, kalitatea eta prestakuntza ona badauzkazu, gero lau ideia bakarrik dira. Areto-futbolak azkenean lau kontzeptu ditu.
Baina zaletasuna dago oinarrian, ala?
Batzuetan esaten da jokatzen baduzu, ondo dagoela. Baina jokatu eta irabazten baduzu, itzel geratzen zara. Ez naiz profesionala izan; dibertitu egiten naiz, lagunak dauzkat han eta hemen... Irabaztea gustatzen zait, baina baloia ukituta.
Entrenatzaile ere ibili izan zara. Aurrerantzean ere zeure burua zeregin horretan ikusten duzu?
Niri txikiak entrenatzea gustatuko litzaidake. Adibidez, Athleticen ikusten duzu jokalari bat lehenengo mailan jokatzen dabilela eta ez dakiela ezkerragaz baloia jotzen. Egunero ezkerragaz hasten badira, pixkanaka-pixkanaka ikasiko dute. Nagusiak entrenatzea ere, talde ona edukiz gero, bada, izan ahal da. Baina ez daukat titulurik eta gaizki daukat ateratzeko. Izan ere, beharrean hiru errelebotara nabil eta ume bi dauzkat. Umeei irakastea da nire asmoa, txikitatik baloia edukitzeko ideiagaz. Gaur egun, zenbat eta gorago, umeak irabaztera doaz. Gurasoak ere han daude, eta potolotxo bat egoten bada, galdetzen dute ea zergatik jokatzen duen horrek...
Zu baino gazteagoen kontra jokatu duzu sarritan. Igarri duzu adinaren aldea?
44 urtegaz eta Hirugarren Mailan ondo ibili naiz jokatzen gazteekin. Defentsa gogorra izan naiz, Goikoetxea lakoa, lurrera botatzekoa. Aurreko batean, afarian, taldekide batek komentatu zuen: “Imajinatu Astar aurkarien taldean. Nekatu egingo zintuzke!”. Batzuek bai, baina jende gutxik egin dit ihes.
Lesioen erruz utzi behar izan duzu areto-futbola. Pena sentitu duzu?
Bai. Nire asmoa B taldera joatea zen, era lasaiagoan jokatzeko. Baina martxoan lesionatu egin nintzen: entrenamendu batean lau aldiz segituan ibili nintzen zelaian gora eta behera, eta keinu txar bat egin nuen belaunagaz. Nik badakit ondo ipiniko naizela, baina, noski, jada ez daukat meniskorik. Hezurra hezurragaz igurzten da, eta hor gauza bi gertatu ahal dira: kailua egitea, ona dena, edo gastatzea. Akordatzen naiz lehen zelai lokaztuan jokatzen genuela, mendian ibili nintzela lanean, eta orain, aldiz, zortzi orduz zutunik egoten naiz fabrikan: eta adin honetan...