"Ez naiz etxean geldi geratzen den pertsona horietakoa"

Anboto 2014ko mar. 16a, 09:00
Liburutegian eta hirugarren adineko gimnastikan izena eman du 91 urterekin.
Mari Carmen Zuazua 91 urterekin ezin da geldirik egon, eta Elorrioko liburutegian izena eman du, denbora apur bat pasatzeko asmotan. Gainera, irailetik ona hirugarren adinekoentzako gimnastikan ere badabil.

 

Zelan animatu zinen liburutegian izena ematera?

Betidanik gustatu izan zait irakurtzea, familiatik datorkit afizio hori, gure aitak ere oso gustuko zuen. Aspalditik nuen liburutegian izena emateko asmoa. Orain dela urte batzuk, liburutegiko arduradunari, Inazio Zubiari, galdetu nion ea izena emateko zenbat ordaindu, eta zer egin behar nuen. Baina azkenean, bata zela edo bestea zela, orain dela gutxira arte ez dut izenik eman. Gainera, liburutegian izena eman izanaren beste arrazoi bat izan da etxetik oso hurbil daukadala.

 

Zelako liburuak irakurtzen dituzu? 

Denetik irakurtzen dut, baina, batez ere, Euskal Herriko historia kontatzen duten liburuak irakurtzen ditut. Liburutegian hartu nuen lehenengo liburua La Condesa de Agurain izan zen. Izugarri gustatu zitzaidan. Liburuak aukeratzerako orduan, liburutegiko arduradunak asko laguntzen dit. Orain Martina la guerrillera ari naiz irakurtzen, eta Berrizko emakume baten istorioa kontatzen du. 

 

Irakurteaz gainera, hirugarren adinekoentzako gimnastikan ere bazabiltza?

Bai, horretara ere joaten naiz.  Irailean hasi ginen, eta 80 urtetik gorakoentzako da; bertan, sei gizon eta zazpi bat andre gaude. Hainbat gauza egiten ditugu, eta oso ondo pasatzen dugu ariketa horiek egiten. Gainera, ariketa egiteaz aparte, lagun artean egoteko eta berriketa apur bat egiteko oso aproposa da. Gure arteko harremana oso ona da, eta garrantzitsuena da eztabaidarik ez dugula izaten.

 

Zenbatero izaten duzue ikastaroa?

Astean bi aldiz edukitzen dugu; astelehenetan eta asteazkenetan, egun bakoitzean ordu bat eta erdi. Pena da astean bi aldiz bakarrik joan ahal izatea, oso gustura joaten naiz-eta. Niregatik izango balitz, egun gehiagotan joango nintzateke. Hala ere, egia da egun batzuetan leku bateko mina dela edo bestekoa dela, ez dudala izaten gogo handirik joateko, baina neure buruari ohetik altxatu behar dudala esaten diot, eta joan egiten naiz. Ikastaroa goizeko 10:30ean hasten da, eta, bertara joan behar dudanean, goizeko 6:30ean esnatzeko ohitura hartu dut; ohea egin, errezatu eta nire gauzak lasai egiteko.

 

Nolako ariketak egiten dituzue?

Gimnastika lasaia egiten dugu; normalean ordu erdi egoten gara gorputzarekin ariketak egiten, eta, gero, beste ordubete an memoria lantzeko ariketak egiten ditugu. Gorputzeko ariketak egin ondoren, irakasleak galdera batzuk banatzen dizkigu, eta guk horiei idatziz erantzun behar izaten diegu. Baina gimnastikarena ez da oraingo kontua bakarrik, orain dela urte batzuk, jubilatuen etxean gimnastika ikastaroak ematen zituzten, eta bertan ere aritu nintzen. Ordukoa, oraingoarekin alderatuta, gogorragoa zen, lurrean ariketa dezente egiten genituelako.

 

Nola jakin zenuen ikastaroaren berri?

Udaletxetik eskutitz bat bidali zidaten ikastaroaren berri emateko. Orduan telefonotik deitzea bururatu, eta, ikastaroa kultur etxean izango zela ikusita, izena ematea otu zitzaidan.  

 

Geldirik ez dagoen emakumea zara, orduan. 

Egia esan, ez naiz etxean geldi egoten den pertsona horietakoa. Etxean mugitu gabe geratu baino gurago izaten dut eguraldi ona dagoenean kalera irten, eguzkia hartu, herritik pasieran ibili, eta kafe bat hartu. Hala ere, orain ez naiz kalera lehen beste irteten, baina ahal dudanean gustatzen zait kalera joatea. Esaterako, astelehen eta asteazkenetan gimnastikatik itzulitakoan oso nekatuta egoten naiz, eta gurago izaten dut beste ezer egin baino ohera sartu eta bertan egon.

 

Afizio horiez gain, eskulanak egitea ere gustatzen zaizu.

Telebista ikusten denbora galdu baino, nahiago izaten dut eskulanak egiten edo liburuak irakurtzen denbora pasatu. Besterik ez bada, etxean dagoen tela zati txiki bat hartu, eta horri hau edo beste egiten diot. Betidanik izan dut josteko eta puntua egiteko grina hori; txikitatik egiten ditut horrelako gauzak. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!