Igor Azpirik txapel bi irabazi ditu 24 orduan

Anboto 2014ko otsailaren 24a

Igor Azpiri pilotaria
Igor Azpirik (25 urte, Elorrio) Lezamako txapelketa irabazi zuen barikuan eta Ortuellako Pablo Elortegiren Oroimenezkoa zapatuan.

 

San Frantziskon (Ameriketako Estatu batuak) astebete eman ondoren, joan zen eguenean bueltatu zen oporretatik Azpiri. Oporretan sarritan gertatzen den moduan, “nekatuta” heldu zela aitortu du, baina asteburuan ez zaio nabaritu. Ameriketatik bueltatu ondorengo egun bietan final bana irabazi zituen binaka, sasoian dagoela erakutsiz.

 

Bariku gauean Lezamako LV. Pilota Txapelketako finala irabazi zuen. Kerman Galartza eta biek 22-18 menderatu zituzten Asier Agirre eta Jose Luis Tabar nafarrak. Hasieran alde handia hartu zuten : 10-1. Galartzak asko gozatu zuen eta Azpiri inspiratuta ibili zen aurrean. Aurkariek, aldiz, espero baino pilota gehiago galdu zituzten. Partidua apurtuta zegoela zirudien, baina kontrarioak esnatu egin ziren eta markagailuan asko hurreratzea lortu zuten: 15-13 eta 18-17. Tarte horretan Agirrek min egin zuen sakean zein errematean. Azken txanpan, berriro gehiago izan ziren bizkaitarrak eta merezita irabazi zuten finala. Azpiri pozik agertu da: “Txapelketa hasieran faboritoen artean geunden, baina kanporaketa bidezko txapelketetan beti dago arriskua, ezin duzu egun txarrik eduki. Galartzak lan oso ona egin du atzean, eutsi eta eutsi, eta nik aurrean asmatu dudala uste dut”.

 

Zapatu arratsaldean Ortuellako Pablo Elortegiren Oroimenezko XXV. Txapelketako finala jokatu eta irabazi zuen Azpirik. Aitor Irusta gernikarragaz bikotea osatuz, 22-15 nagusitu zen Aitzol Dorronsoro eta Gaizka Lopezen aurka. Zortzinako berdinketaren ostean, zazpi tanto segidan egin eta alde polita hartu zuten: 15-8. Azpiriren ustez, “gu ondo ibili ginen, baina aurkariek normalean baino gehiago galdu zuten”. Handik aurrera aldeari eutsi zioten. Finaleko garaipenak bezain besteko meritua du finalerdietan lortutakoak. Bertan, Asegarcegaz entrenatzen diharduen Iñaki Artola eta Aitor Diez izan zituzten kontrario eta espero baino errazago irabazi zieten: 22-12.

 

Bergaran Dorronsoro berriro aurrez aurre

 

Azpirik ez du atsedenik hartzeko astirik. Bergarako lau t’erdiko txapelketa prestigiotsuko final laurdenetako partidua jokatuko du Dorronsororen aurka: “Aitzol oso abila da aurrean. Tantoak di-da amaitzeko ahalmena du. Horregatik, luze jokatzen eta aukera dudanetan aurrean amaitzen saiatu beharko dut”.

 

Asteburu bi barru berriz, Espainiako Pilota Txapelketako finalerdiak jokatuko ditu. Berriro Irusta atzelari duela, Ioritz Arrieta eta Arkaitz Peñas izango dituzte aurkari Zaragozan jokatuko den partiduan. Norgehiagoka gogorra aurreikusten du elorriarrak, Arrieta eta Peñas multzoburu lez sailkatu direlako.

 

Igor Azpirik asteburuan irabazitako txapel biak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!