Elorrio faborito argia dela jokatuko dute derbia gaur, Arripausuetan

Anboto 2014ko ots. 15a, 09:00

DRT B taldeko jokalariak entrenamendu saio batean. Argazkia: Kepa Aginako.
Gaurko derbiak kolore hori-beltza du aurreikuspen guztien arabera; Elorrio hobeto dabil Euskal Ligako bigarren fasean, eta 10 puntu ditu; DRT B taldeak oraindik ez du punturik batu denboraldi osoan

 

Euskal Ligako lehen fasean euren multzoko talderik kaskarrenak izan ostean, orain bigarren faseko mailarik baxuenean dihardute Elorrio Parra Taberna eta DRT B taldeek. Maila berdintsuko taldeen multzoan, Elorriok gora egin du, eta 10 puntugaz sailkapenaren erdian dago. DRT B-k, aldiz, ezin du bururik jaso, ezta maila horretan ere, eta puntu barik darrai. Testuinguru horretan, Elorrio faborito argia da gaur, 16:00etan, Durangoko Arripausuetan jokatuko duten derbia irabazteko.

Lehen fasean Elorrio Parra Tabernak 32-5 irabazi zion Durangoko taldeari. Hain zuzen, hura izan zen elorriarrek lehen fasean irabazi zuten partidu bakarra. Bigarrenen fasean erosoago dabiltza, gora egin dute, eta Uribealdea multzoko liderra bost puntura dute. Derbiko puntuekin gora begira leudeke.

DRT B-ren egoerak ez du ematen atzerabueltarik duenik aurtengo denboraldian. Arrazoi bategatik edo beste bategatik, talde oso laburra du, eta horrek taldearen ibilera baldintzatu du. Ricardo Costa entrenatzailearen esanetan, "partidu batean baino gehiagotan ezin izan dugu lehiari aurre egiteko hamabostekorik osatu". Beraz, jokalari bat edo bi gutxiagogaz jokatu dituzte partidu batzuk. Horrez gainera, jokalari askok 18 edo 19 urte dituzte, eta oraindik esperientziak ematen duen sendotasuna falta zaie. Beraz, lehen fasean jokatu zutenaren antzeko derbia aurreikusten du Costak.

Nagusiak Coruñaren aurka

Bestalde, DRTko talde nagusiak  Coruña taldearen bisita jasoko du, domekan, 12:00etan. Orain arte Ohorezko B Mailan jokatutako 12 jardunaldietan garaipen bi lortu ditu Durangoko taldeak. Bata etxetik kanpora, Universidad Bilbao taldearen aurka (12-34), eta bestea etxean, Oviedoren kontra (36-34). Galiziako taldeak hamar puntu gehiago ditu sailkapenean. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!