Elorrixo Txiki eta Gu Lagunak taldeek Elorrioko kiroldegian, gaur, jokatuko duten derbiagaz ligako bigarren itzuliari ekingo diote. Elorrioko taldeak Bigarren Erregionaleko lider postuan hartuko du zortzigarren kokatuta dagoen Gu Lagunaken bisita. Lehenengo itzulian erraz nagusitu zen Elorrixo Txiki Durangon: 1-4.
Bitxia da Elorrioko taldearen istorioa. Orain urte bi taldea sortu gura izan zuen laguntalde batek, baina gestio burokratiko guztiak egiteko astirik ez, eta Elorrioko Buskantzaren bitartez sortu zuten taldea: Elorrioko Buskantza C. Iaz, lehenengo urtean, mailaz igotzea lortu zuten. Oro har, denboraldi gogoangarria izan zen Elorrioko klubarentzat, hiru taldek lortu zutelako mailaz igotzea. Beraz, aurten Lehenengo Erregionalean dabil Elorrioko C, baina ez du zerikusirik iaz igoera lortu zuenarekin. Jokalari guztiak berriak dira. Iaz igoera lortu zuten 13 jokalariek, aldiz, Elorrixo Txiki sortu dute. Horrek esan gura du, talde sortu berri guztien moduan, berengo mailatik hasi direla aurten. Beraz, berriro Bigarren Mailan jokatzen dabiltza aurten, iaz igoera lortu ostean. Unai Zenitagoia jokalariak azaldu du horren zergatia: “Iaz igotzeko aukera izan genuen, baina baliteke hurrengo batean igoera lortu eta ezin baliatzea, goiko mailan Elorrioko Buskantzaren beste talde bat dagoelako. Horregatik gurago izan dugu geure taldea sortu”. Iaz ligako partidu bat berdindu eta gainerako guztiak irabazi egin zituzten. Aurten, dagoeneko partidu bi galdu dituzte, baina, hala ere, lider daude. Talde erasokorra da, gol askokoa, hein handian Jon Heras, Mikel Landaburu, David Rua eta Endika Egurenek ate aurrean duten eraginkortasunari esker.
Gu Lagunak, estilo bila
Badakite derbia irabaztea gaitz izango dutena, baina sorpresa emateko gogoz joango dira Gu Lagunak taldeko jokalariak Elorriora. Sailkapenean daudena baino "apur bat gorago" egotea espero zuten Julen Orbegozo jokalariaren esanetan. Oraindik, taldearen izaera definituko duen jokoaren bila dabiltza.
Denboraldi honetan hainbat jokalarik izandako lesioek ere taldearen erritmoa hautsi dute une askotan. Hala ere, hainbat partidu detaileen erruz galdu dituzte, joan zen astean Mendibeltzen kontrako derbia lez (1-2). Mendibeltzek azken minutuan sartu zuen hiru puntuak eman zizkion gola.