“Hormak nik neuk bakarrik igotzen gozatu egiten dut; emozioak biderkatu egiten dira”

Anboto 2014ko urt. 19a, 12:00

Goi-mendiari eskainitako hitzaldi sorta osatu dute Plateruena Kafe Antzokian; datorren eguenean, urtarrilaren 23an,19:00etan, Silvia Vidal kataluniarrak Himalayan aurretik inork igo gabeko horma bat bakarrik zelan igo zuen kontatuko du, proiekzio batek lagunduta

Goi-mendietan aurretik beste inor ibili bako hormak probatzea gustatzen zaio Silvia Vidal eskalatzaileari. Gainera, bakarrik joan ohi da. Bere ibilbidean igoera asko egin ditu baldintza horiek beteta. Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak horietako abentura batean jasotako irudi eta bideoekin osatutako proiekzioa eskainiko du urtarrilaren 23an, 19:00etan. Vidal ere bertan egongo da irudiei berba ipintzeko. ‘Naufragi’ izeneko proiekzioa 2010ean, Himalayan, Kinnaur Valley haranean dagoen goi-mendi bateko eskaladaren testigantza bisuala da. 25 egunean 1.050 metro igo zituen, 5.250 metroko garaierara heldu arte. Bere ibilerak www.vidalsilvia.com/ webgunean ere irakurri daitezke.

 

Noiz eta nola eduki zenuen horma bertikal horren
berri?

Interneten begira nenbilela aurkitu nuen. Oso sorpresa atsegina izan zen.

 

Zerk erakarri zintuen? Zer izan zen probatzera bultzatu zintuena?

Toki urrun batean egoteak erakarri ninduen; eta hasiera puntua non zegoen ez jakiteak edo berau eskalatzea posible izango ote zen jakiteak ere bai. Erronka polita zen. Gainera, hormak berak ere erakartzen ninduen, oso monolitikoa, bertikala eta luzea delako.

 

Inguruari buruzko zer informazio batu zenuen bertaratu aurretik?

Egia esanda, oso informazio gutxi nuen. Argazkia egin zuena ezagutzen nuen (John Midddendorf) eta idatzi egin nion. Urrunetik ikusi zuela esan zidan, eta ez zekiela beste ezer; ez garaierarik, ez sartu-irteerak non egon zitezkeen, ez ezer. Baina handia iruditzen zitzaidan, eta polita zen. Beraz, nik nuen informazio bakarra argazkia  eta datu horiek ziren.

 

Inoiz eskalatu izan duzu goimendiko hormarik hain informazio gutxirekin?

Hain gutxirekin ez, baina bai oso gutxirekin. Toki urrunetara zoazenean eta egiten den lehenengo igoera denean, informazio gutxi egoten da.

Beste batzuetan ere bakarrik ibili izan zara. Zergatik horma handietara bakarrik joateko erabaki hori?

Horrelako eskaladak bakarrik egiten gozatu egiten dut. Bizipenak, inpresioak eta emozioak biderkatu egiten dira eta oso gogorra den arren, asetu egiten nau.

 

18 egunerako kalkulatutako igoera 25 egunera luzatu zen askotariko zailtasunekin: Montzoi euritsua, hipotermia, elikagai falta… Zelan eraman zenituen oztopo horiek guztiak?

Bada, batez ere, motibazioari esker. Horrelako espedizio batera benetan gogo biziz joan ezik, eragozpen txikiena aurkitzen duzunean bertan behera uzten duzu. Goi-mendi batean hilabete eta erdian bakar-bakarrik zaudenean, beti sortzen dira zailtasunak eta ustekabekoak, beraz, egoera konplikatuak aurkituko dituzula mentalizatuta joan behar duzu. Kontzientzia hori eta motibazioa baldin badituzu, eramanerrazagoa da. Gero, zortea ere kontuan hartu behar den faktorea da. 

 

Zailtasun guztiekin aurrera jarraitu zenuen. Non dago muga? Noiz erabakitzen da eskalada bat bertan behera uztea?

Motibazioa osorik baldin badago, ez dakit.

 

Horman bertan zaudenean eta egora zailtzen denean gaitz egiten da bertan behera uzteko erabakia hartzea?

Gauzak oso txarto baldin badoaz, ez da gaitza erabaki hori hartzea. Zaila dena da gauzak txarto doazela konturatzea. 

 

2012an Patagonian beste horma bat eskalatzera joan zinen argentinar bigaz batera. Oihanetan barrena eta lakuak zeharkatzen ibili behar izan zenuen. Zelan gogoratzen duzu hilabete biko abentura hori ?

Argentinako eskalatzaile biek inguruetara baino ez zidaten lagundu, eta ondoren, ia hilabete bitan bakarrik egon nintzen eremu hartan. Bai, oihaneko bizimodu hori esperientzia berri bat izan zen niretzat. Okerrena errekak izan ziren: zeharkatzeko oso arriskutsuak ziren, eta itzuleran bakarrik ibili behar izan nuen petate guztiak aldean neramatzala. Indian zamaketariak egoten dira, baina joan nintzen tokian eta itzuleran, ez. Hori izan zen niretzat gogorrena.

 

Aurretik inork igo gabeko horma batek xarma berezia izaten du?

Toki ezezagunak izaten direnez, litekeena da inor ez aurkitzea; eta hori da nire ustez xarma duena. Ez da inor egoten ez kanpamentu nagusian, ez inguruan dagoen
eremuan.

 

Inoiz eskalatu duzu Euskal Herriko txokoren batean? Eta Abadiñon dauden Atxarteko
haitzetan?

Bai, orain urte batzuk, pare bat bider eskalatu nuen Atxarteko haitzetan, eta Euskal Herriko kirol gune batzuetan ere eskalatu izan dut.

 

Etorkizunari begira zeintzuk izango dira zure hurrengo erronkak?

Nire erronkak ez ditut aurretik kontatzen. Gurago dut erabakitzeko askatasuna azken unera arte mantendu. Azken une hori hormaren hasiera puntuan egoten da. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!