"Asko gustatzen zait zapatak zeinek jantziko lituzkeen imajinatzea"

Anboto 2014ko urt. 12a, 06:00

Wandel hitzak “ibil gaitezen” esan gura du nederlanderaz. Eta larruzko, artilezko eta oihalezko oinetakoak egiten ditu marka horrekin Oihane Lejarretak. Zapatak eskuz egin ahal zituela etorri zitzaion behin burura, eta ekinaren ekinez gauzak lortzen direla sinisten du. Ilusioz dabil zapatagintzan; Internet bidez saltzen ditu oinetakoak eta poltsak, eta laster dendetan saltzen hasiko da.

Zuretzako oinetakoak egiten hasi zinen.   

Niri, txikitatik, asko kostatu zait zapatak topatzea. Beti eskatu izan ditut zapata normalak, nire ustez normalak direnak; berezia izan naiz horretan. Lehenengo aldiz Zaragozan ikusi nuen eskuz egindako zapaten denda bat. Ez zitzaidan asko gustatu, baina kuriositatea piztu zitzaidan. Gero, unibertsitateko ikas-bidaian, Cadaquesen, andre zahar bat ezagutu nuen, zapatak egiten zituena, eta erosi egin nizkion. Zoragarriak, oraindik gordeta dauzkat. Ondoren, 21 urterekin Mexikon egon nintzen bidaiatzen, eta han zapatak egiten ikusi nituen. Esan nuen: “nik ere egin behar dut”. 

 

Zelakoak izan ziren lehenengo zapatak?

Mexikotik etorri nintzenean lagun bat bisitatzera joan nintzen Bartzelonara. Berak kalean larruzko praka batzuk topatu zituen, eta esan zidan: “Oihane, seguru nago zuk zer edo zer egingo duzula honekin”. Gordeta eduki nituen, eta halako batean esan nuen: “zapatak egingo ditut”. Eta irten zitzaizkidan. Urtebetez ibili nituen. Nire lagunek barre egiten zuten: “Nora zoaz horrekin? Galtzerdiak ematen dute!”. Oso bigunak ziren, ipuinetakoak ematen zuten, flekoekin-eta. Mundu guztia fijatzen zen nire hanketan. Astiro-astiro hasi nintzen, urtean behin niretzako zapata pare bat egiten.   

 

Zelan animatu zinen besteentzako oinetakoak egitera?

Jendea eskatzen hasi zitzaidan, eta saltzen hasi nintzen. Gero, Kapsula ikuskizunean ibili nintzen, eta bi-hiru urtean zapatak egin barik egon nintzen. Antzerkian ni nintzen arduraduna, aktoreak kontratatu nituen, eta gogorra izan zen. Pila bat ikasi nuen, baina gauza asko ziren. Hura amaitu, pentsatzen hasi, eta Chie Mihara diseinatzaileari idatzi nion. Alacanten bizi den japoniar bat da, eta takoiak eskuz egiten ditu. Esan nion zapatak egiten nituela, niretzako, eta ez nekiela seguru horretan hasi ahal nintzen, horretarako balio nuen, zer egin ahal nuen. Hurrengo egunean telefonoz deitu zidan! Flipatzen! Oso jatorra da, bi metroko japoniar bat. Bere gizonak zapata fabrikak dauzka, eta bera diseinatzailea da. Gonbidatu egin ninduen astebetez bere diseinu gela eta fabrika bisitatzera. Azken egunean esan zidan diseinu politak nituela, eta aukera bi nituela, edo artisaua izan eta apurka-apurka hasi, edo Londresen eta Milanen ikasi eta gero, bere fabrikan hasi. Artisautza ikastea erabaki nuen Bartzelonan, eta gero, astiro-astiro joan naiz fintzen.

 

Azoketara joaten zara, eta Durangon, adibidez, stand onenaren saria irabazi duzu!

Eszenografoa naiz, eta niretzat ez da zaila. Artisauek euren produktua lantzen dute, baina dekorazioa ez dute lantzen. Nik horrela prestatu nuen nire standa katalagoa horrelakoa delako; ez nekien saririk zegoenik. Eta pozik! Gustatuko litzaidake artisauen artean konpetentzia handiagoa edukitzea; esan diet denei ikastaro bat emango diedala, hurrengo urtean konpetentzia egoteko! Azokak leku onak dira, bai erakusteko, bai ikasteko, baina zapatak saltzeko ez. Azoketan asko ikasi dut; jendeari zer gustatzen zaion, zer ez... Jendearekin hartu-emanean zaude, eta oso polita da, niri asko gustatzen zait ikertzea eta behatzea.  

 

Nondik etortzen zaizu inspirazioa? 

Lehenengo bildumak niri gustatzen zitzaidan horretatik egin nituen. Gero, azoketan-eta inspiratu naiz. Moda ez dut asko jarraitzen, baina ez dakit zergatik, koloretan nahiko egunean egoten naiz. Gauza xumeak gustatzen zaizkit. Estanpatu eta letradun telak ez; kaotikoak dira nire ustez. Asko gustatzen zait zapatak nork jantziko lituzkeen imajinatzea. Amelie filmeko protagonistaren estiloko dotorezia gustatzen zait. Inspiratzen nauten neskak edertasun naturala dute. Borrokalariak dira, lan egin behar dutenak, ez dute perfektu egon gura, eroso egon gura dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!