"Oilaskoen aldean, kapoiak trankilagoak dira, eta euren okela bigunagoa da"

Anboto 2013ko abe. 15a, 09:38

Antzina baserrietako errentak ordaintzeko erabiltzen ziren kapoiak, Olentzerok meriendatzeko jaten dituen berberak. Aitor Apaolazak duela zortzi bat urte ikasi zuen oilaskoak zikiratzen. Aurten 400 bat oilasko zikiratu ditu eta Gabon inguruan saltzen ditu batez ere

Antzina baserrietako errentak ordaintzeko erabiltzen ziren kapoiak, Olentzerok meriendatzeko jaten dituen berberak. Aitor Apaolazak duela zortzi bat urte ikasi zuen oilaskoak zikiratzen. Aurten 400 bat oilasko zikiratu ditu eta Gabon inguruan saltzen ditu batez ere.


 
Zelan, bada, kapoiak saltzen?

Zortzi bat urte izango dira ikastaroa egin genuenetik. Aitari otu zitzaion, eta ikastera joan ginen. Hasi ginen astiro-astiro etxerako egiten, eta, orain, saldu egiten ditugu: batzuk txikiak direnean, etxean hazteko, eta beste batzuk, ostera, loditzen edukitzen ditugu, Gabonetan saltzeko. 


Zuen familian egiten zen lehenago horrelakorik?
Aitak gutxi ezagutu zuen. Entzunda bazeukan baserriko errenta ordaintzeko erabiltzen zirela lehen, dirua erabili beharrean. Oilaskoak jan ere ez ziren egiten lehen, oso arraroa zen hori. Aitak beti eduki izan du gogoa, eta  EHNEk ikastaroa antolatu zuela ikusita, biok apuntatu ginen. 


Zaila da zikiratzea?  
Behin ikasita ez. Bisturia erabili behar da, eta konplexua da. Hasieran batzuk hil egiten ziren, baina azkenerako ikasi genuen. Okerreko lekuren batean ukituz gero, odolustu egiten dira. Baina behin abilezia hartuta, ondo moldatzen gara.


Noiz izaten da oilaskoak zikiratzeko sasoia?
Sanferminen bueltan. Uztailean oporrak edukitzen ditugu, eta orduantxe aprobetxatzen dugu. San Juan inguruan erosti eta uztailean zikiratuta, sei hilabetez hazten egoten dira, eta orain da hiltzeko sasoia. Gabon sasoian egoten da salmenta gehien, eta horregatik. 


Zikiratzeak zer eragin dauka oilaskoengan?
Handiagoak egiten dira. Trankilagoak dira, ez dabiltza beti borrokan, eta okela bigunagoa izaten da, koipetsuagoa. Oilaskoen aldean, urtsuago egoten dira kapoiak. Ez dute kukurrukurik egiten, gangarra ez zaie hazten...


Idiekin pasatzen den antzera izaten da?
Bai. Azkenean mantsotu egiten dira. Oilaskoak libre utziz gero,  arineketan ibiltzen dira bata bestearen atzean, eta, azkenean, okela gogortu egiten da. Kapoiak, ostera, lasai-lasai egoten dira, eta sei hilabetetan bospasei kilo loditzen dira.



Ez dizute pena apur bat ematen?
Beno, azkenean badakizu zertarako diren. Pena ematen du zer edo zer txarto egin duzulako hiltzen badira. Baina askorik ez dute sufritzen; bost minutuko gauza izaten da, eta, gero, segituan errekuperatzen dira. Jaten hasi eta segituan hartzen dute indarra.

 


Lehenengo etxean jateko, eta  gero kanpoan saltzen hasi zineten. Arrakasta izaten dute?

Bai. Hasieran aitaren lagun batzuek eta ezagun batzuek eskatzen zizkiguten. Orain dela lau urte oilasko gehiago hartu genituen, eta Interneten iragarkia ipini genuen. Asko saldu genituen. Batzuk txikiak  direla saltzen ditugu, jendeak etxean hazteko, eta beste batzuk sasoi honetan, ia jateko sasoian. Ohitura galduta egon da, eta, orain, jendeak gustora hartzen ditu. Agian, aldatzearren edo probatzearrean, hartzen dituzte bai. Bezero finko batzuk badauzkagu.


Elorrion asko saltzen duzue?

Leku guztietatik etortzen da jendea. Interneten ikusita, Gasteiztik eta Bilbotik ere erosten dituzte. Noiz edo noiz bidali ere egin ditugu. Duela urte bi Mallorcako apetatsu bati eroan genizkion hogeita bost kapoi. Garraio-kostua berak ordaindu zuen. Dirutza irten zitzaion.


Kapritxo berezia!
Bai. Gero deitu zigun esaten oso gustura hartu zituela, eta hurrengo urtean ere hartuko zituela, bera etorriko zela, baina ez dugu bere berririk eduki.


Beste animalia batzuk ere badituzu, ezta?
Bai, oiloak, untxiak... Ostrukak ere izan genituen, baina kendu egin genituen, arriskutsuak zirelako. Ardi batzuk badauzkagu, eta aurten aproba egin dugu gazta egiten.


Gazta onak lortu dituzue?

Batzuk bai, beste batzuk ez...  Hor ere abilezia hartzea izango da kontua azkenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!