Lau partidutan punturik batu ez duten Elorrio eta DRT derbian neurtuko dira

Anboto 2013ko aza. 23a, 08:38

Gaur, Elorrio eta DRTren arteko derbia hartuko du Elorrioko San Roke zelaiak; Euskal Ligari pattal ekin diote Durangaldeko talde biek, eta lau jardunaldi joan direnean, oraindik ez dute punturik batu

Gaur, Elorrio eta DRTren arteko derbia hartuko du Elorrioko San Roke zelaiak; Euskal Ligari pattal ekin diote Durangaldeko talde biek, eta lau jardunaldi joan direnean, oraindik ez dute punturik batu.

 

Elorrio Parra Taberna eta DRT B taldeek derbia jokatuko dute gaur, 16:00etan, Elorrioko San Roke zelaian. Euskal Liga pattalen hasi duten taldeak izango dira aurrez aurre. Lau jardunaldi joan direnean, orain arteko partidu guztiak galdu dituzte. Eurak dira multzoko zortzi taldeen artean oraindik punturik batu ez duten bakarrak. Gutxienez, bi taldeetako batek denboraldiko lehen puntuak batuko ditu derbian; talde biek ere lortu dezakete hori, entsegu kopuru jakin batetik gora lortzen badute.

 

DRT B taldeak gazte mailatik datozen jokalari dezente ditu aurten, eta mailara egokitzea falta zaie, Ricardo Costa entrenatzailearen berbetan. Durango Rugby Taldeko bigarren taldea den heinean, “jokalariak formatzea eta konfiantza hartu dezaten ahalegintzea” da aurtengo helburu nagusia.

 

Elorriori fitxa kopurua gutxitu egin zaio aurten, eta lesioak eta lan kontuek eraginda, sarritan ezin izan dute denek elkarrekin entrenatu. Dinamika falta hori partiduetan nabaritu egin dutela uste du Ibon Arregi jokalariak.

 

Derbi “deskafeinatua”

Ricardo Costa errugbi jokalari izana da, eta Ibon Arregik 15 urte daroaz jokatzen. Biak bat datoz Elorrio eta Durangoren arteko derbiek azken urteetan gatza galdu dutela esatean. Oraingoak apur bat “deskafeinatuak” direla dio Costak: “Orain urte batzuk aurreko aste osoan derbia izaten genuen berbagai. Orain desberdina da. Derbiak beti dira bereziak, baina ez dute lehengo intentsitatea”. Arregik ere lehen “lehia handiagoa” sortzen zela uste du: “Orain, beheko mailetan, talde bietako jokalariek elkarrekin jokatzen dute, eta lagunak dira. Orain, beharbada, derbiak gehiago dira lagunen arteko lehia”. Aurten, kadeteetan talde bateratua dute Elorriok eta DRTk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!