Erdella Mendizale Taldeak Elorrion antolatutako Mendi Astearen barruan, Iker Arroitajauregi eskalatzaileak ‘Harri aroa’ dokumentala estreinatuko du gaur, 19:30ean, Iturri kultur etxean. Orain hiru urte langabezian geratu zenean, autokarabana hartu, eta blokeko eskaladan bide berriak irekitzen hasi zen. Penintsula osoan ez ezik, Hegoafrikan eta Frantzian ere ibili da. Elorrion ibilera horiek batzen dituen dokumentala erakutsiko du.
Zer ikusi daiteke ‘Harri aroa’ dokumentalean?
Azken urteetan bidaiatu dudan askotariko tokietan egindako bloke gogorrenekin eta ikusgarrienekin osatutako dokumentala da.
Estreinaldi bikoitza izango duzu, jendaurrean azalpenak emango dituzun aurreneko aldia izango delako.
Egia da, bai. Ez nuen pentsatzen horrelakorik sekula egingo nuenik, baina egindako lana jendeari erakustea, eta euren galderak erantzutea ere gauza polita iruditzen zait. Beste erronka bat izango da.
Arroketako bloke eskaladan erreferente zara. Baina zer da bloke eskalada?
Arroka blokeak edo pareta laburrak igotzean datza, eskaladan ohikoak diren babesik gabe: soka, arnesa... Arrokek hiru-lau metro izan ditzateke; garaipenak, sei-zortzi metrora heltzen dira. Igoera arriskutsuak izaten dira, eta psikologiak garrantzi handia hartzen du.
Aipatu izan duzu alderdi psikologiko horrek erakarri egiten zaituela.
Bloke eskaladan psikologiak ere eragiten du, eta faktore horrek motibatu egiten nau. Bloke altuak egiteak gogobetetze berezi bat eragiten dit.
Azpian ipintzen den koltxonetak zer segurtasun maila eskaintzen du?
Azpian zenbat eta koltxoneta gehiago ipini, segurtasuna handiagoa da. Horrez gainera, azpian jendea egotea komeni da, jarrera txarren batean jausiz gero, kolpea ahal den neurrian baretzeko.
Zelan egiten duzu igo beharreko blokeen aukeraketa?
Bloke bat gustatzen bazait, eta garaia bada, lehenengo sokagaz lotuta egiten dut, batez ere, gorengo zatia probatzeko. Horrela, blokeak zer zailtasun duen, eta jausteko zer arrisku dagoen neurtzen dut. Sei-zortzi metroko altueretan arriskua handia da. Blokeko igoera bati ezin dakioke edozein modutara aurre egin, eroriko ez zaren segurantza izan behar duzu.
Erortzen ikasi egiten da?
Txikitatik gustatu izan zait altueretatik salto egitea. Bloke altuak egiten ditudanean uste dut badudala segurtasun hori, badakidalako zelan jausi.
Txikitatik datorkizu afizioa. Zellan zaletu zinen eskaladaren mundura?
Txikitan, nire etxe ondoan tunel batean kaleko eskalada-horma antzeko bat zegoen, eta Bilbo inguruko jendea han batzen zen eskalatzera. Hantxe ematen nituen arratsalde guztiak.
Azken hiru urteetan bloke eskaladan zentratuta zabiltza.
Orain hiru urte langabezian geratu nintzen. Hasieran arduratuta nengoen, bizimodua zelan antolatuko ote nuen... Lan bila ibili nintzen, baina gaur egun oso zail dagoenez, benetan gustatzen zaidan hori egiten hasi nintzen. Azken urteetan autokarabana hartu, eta batetik bestera nabil, bertan bizitzen, eskalatzen eta blokeak irekitzen.
Penintsulan zehar maiz ibili zara. Gustuko tokiren bat?
Gehien gustatzen zaidan tokietako bat Albarracín (Teruel) da. Madril inguruan ere eskalatzeko leku asko eta oso onak daude, eta neguan beti joaten naiz pare bat hilabetez. Galizian eta Euskal Herrian ere toki onak daude. Oraindik ezagutzen ez ditudan gune batzuk ere badaude, Andaluzian, esaterako. Normalean toki ezagunetara joaten naiz, aldizkariren batean irakurri edo lagunen batek gomendatu didalako. Toki horietan bloke eta bide berriak irekitzea gustatzen zait.
Penintsulatik kanpora, besteak beste, Hegoafrikan eta Frantzian ibili zara.
Hegoafrikara mundu osoko jendea joaten da. Iaz hilabete bi eman nituen bertan. Lurmutur Hiritik gertu dagoen Rocklands ingurua oso ezaguna da. Hemen uda denean han negua da, eta baldintza onak ematen dira eskalatzeko. Fresko egiten du, eta eskalatu egin daiteke; urteko gainerako hiletan bero handiegia egiten du.
Frantziako Fontainebleau eremuak denetarik du: blokeen kantitatea eta kalitatea. Horregatik egoten da beti hainbeste jende bertan eskalatzen.
Aurrera begira zer asmo duzu?
Datorren urtera begira Fontainebleaura joan gura dut, han proiektu batzuk ditudalako. Horren ostean, Suitzara joan gura nuke, bloke gogor asko daudelako. Egiten ari naizen horretatik bizimodua ateratzea gustatuko litzaidake. Egia esanda, gaitza da, kirol hau ez delako hain ezaguna, eta zaila delako diru-laguntzak bilatzea.
Atxarte ingurua ezaguna zaizu?
Gomuta asko ditut Atxarten. Txikitan ordu asko eman ditut han. Toki klasikoa eta oso polita da.