Azken itzulian, ihes eginda zihoala, erori egin zen, baina aurretik ateratako aldea nahiko izan zitzaion zutundu, bizikleta konpondu eta lehenengo tokian helmugaratzeko
Bere saltsan ibili zen Egoitz Murgoitio (Hirumet-Orbea) atzo, Elorrioko XXXVIII. Ziklo-Kros Proban. Euriak zirkuitua lokaztu eta astundu egin zuen eta abadiñarra ondo moldatzen da horrelako baldintzetan. Hasiera-hasieratik aurrera jo zuen eta itzuli bakoitzean bere aurkariekiko aldea handitzen joan zen. Azken itzulian, balizko zulatu bat ekidin guran bizikleta aldatu zuen; gurpilak puztuago zituen bizikleta hartu zuen. Azken metroetan, bihurgune batean, erori egin zen eta katea irten zitzaion. Ordura arte ateratako aldea (ia minutu bat) nahiko izan zuen bizikleta konpondu eta lehenengo helmugaratzeko. Aitor Hernandez geratu zen bigarren 14 segundora eta Javier Ruiz de Larrinaga hirugarren. Murgoitio pozik zegoen bere maila eman ahal izan zuelako: “Aurreko asteburuan Munduko Kopako joan-etorrietatik apur bat nekatuta nengoela uste dut. Asteburu honetan sentzazio oso onak izan ditut”.
Jonathan Lastra (Hirumet-Orbea) laugarren sailkatu zen eta 23 urtez azpiko lasterketa irabazi zuen. Kevin Suarez bere aurkari nagusiari minutu bitik gorako aldea atera zion eta gaur egun maila horretan jaun eta jabe dela erakutsi zuen. Horrela, maila horretan hirugarren garaipena segidan lortu du Federazio Kopan.
Emakumeetan Rocio Gamonal aise nagusitu zen Olatz Odriozola eta Aida Nuñoren aurretik. Gazte mailan Diego Pablo Sevilla eta Desiree Duarte izan ziren onenak.
Datorren asteburuari begira, Egoitz Murgoitiok Belgikako Hasselt proba lehiatuko du zapatuan eta Gavere-ko Superprestigio proba domekan.